Maider Eizmendi Kazetaria
Lotsaren azkura
Sasoian sasoikoak. Hasi naiz zorrien aurkako lozio, xanpu eta gisako erremedioen iragarkiak ikusten. Hasi da ikasturtea eta, antza, tokatu egiten da. Izan ere, iragarkiei erreparatuta nabarmendu daiteke zein urtarotan sartu garen eta zeintzuk diren sasoi horretako ardura nagusiak.
Iragarkiak ikustean gogoratu naiz eskola garaian zer nolako iskanbila sortzen zen ikasgelan zorriak azaltzen ziren bakoitzean. Ohartxo batekin bidaltzen gintuzten etxera; harekin hasten zen guretzat kalbarioa. Hark iragartzen zigun ederra ez zen iluntzea pasatzeko geundela, batez ere, ile luzea genuen guztiok. Testa pasa behar izaten genuen etxean. Apenas hortz tarterik zuen orrazi estua gora eta behera, buru hondoa bera ondo minberatu arte. Zortedunak analisi zorrotzetik airoso ateratzen zirenak, psikosia pasa bitartean mantentze-azterketak baino ez baitzizkieten egiten haiei. Orrazia gelditu eta «hara!» esanez gero, berriz, akabo. Zaharrak eta berriak, farmazian erositakoak eta ahoz aho transmititutako erremedio eta tratamenduak, guztiak batera.
Oraindik gogoratzen ditut botika kaxetan irudikatzen zituzten «zorritzarrak». Eta ditxosozko lozio haien usaina? Tratamendua egin zutenen eta egin ez zutenen artean bereizteko akaso, urrutitik ere antzematen zitzaigun ilunabar erosoa pasa ez genuen guztioi. Usainak markatzen gintuen, hark salatu.
Eskolan eta etxean ikusten genuen larria tarteko, zorriak izatea lotsatzekoa zela barneratua genuen txiki-txikiak ginela eta «zorri aldian» buruari hazka egitea gure burua guztien aurrean salatzea zela ia, bai behintzat gurasoen begietara. Horregatik galdetzen zidaten behin eta berriz ia azkurarik ba ote nuen; eta galdetu beharraren beharraz azkurarik ez nuen tokian ere azkura sentitzen nuen berehala; buelta berriz ere testa pasatzera, harik eta egunen joanean larria pasa arte.
Joan den astean irakurri nuen garaian garaiko ikerketa horietako batean gurasoei lotsa ematen diela haurrek zorriak dituztela onartzea. Erosoa ez da noski, lana ematen du-eta haiek kentzea, baina lotsa? Bururatzen zaizkit lotsatzeko beste arrazoi mordo bat haurrei eta gurasoei lotuta asko, baina, zorrien antzera, hain da selektiboa eta kapritxosoa lotsa.