Mikel Ibarguren Idazlea
«Surveiller et Punir»
Nahi dutena esango dute, baina kartzela beti izango da kartzela. Alferrik saiatuko dira hitz ederrez janzten, kartzelak latexezko eskularruak jantzita «vaya usted desnudandose» batekin egiten baitizu ongietorria
Lehen borreroak plazaren erdian eta jende aurrean hiltzen zuen zigortua. Bortizki tortura- tuz gatibuaren gorputza zuten gaztigatzen. Sufrimendua agerian jarri eta zigorrak eredugarri izan behar zuen guztien begietara. Gerora, harresiak eraiki eta hormen atzean ezkutatu ziren. Boterearen taktika aldaketa baino ez zen izan; zigorra, bai lehen, bai orain, taktika politikoa baita. Zigor hori gauzatzeko diziplina-botere bat sortzen da eta diziplina hori instituzioek behar dute kudeatu. Eta horrela sortu zen, labur esanda, kartzela Michel Foucalt-ek bere liburu ezagunean adierazi bezala.
Hastapen haietan lapurrak, eroak, gaixoak eta prostitutak jendartetik ateratzeko erabili ziren harresiok. Berehala anarkistez, komunistez eta botereari enbarazu egiten zietenekin bete baziren ere. Gerora, Jeremy Bentham-ek sortutako kartzela panoptikoaren ereduak presoa etengabeko zaintzan edukitzea zuen helburu. Egunaren 24 ordutan zainduak zirela sentitu behar zuen presoak. Horrela, borrero krudel eta bihozgabearen ordez instituzio hierarkizatu bat osatuko da funtzionario, mediku eta psikiatren bitartez. Helburua ez da, bere batean, gorputza zigortzea, presoaren barnean dagoen gizaki hori anulatzea baizik. Gizakia deuseztatu behar da, hustu, nortasuna ebatsi, gabetua izan dadin. Mendean hartzeko.
Zeregin horretarako asmatu zituzten urruntzeak, sakabanaketak, isolamenduak, xantaiak eta gainontzekoak. Bizi guztirako kondenekin denbora bera bilakatzen da epaile. Denboraren poderioz saiatzen dira preso dagoenaren barrura iristen.
Hain justu, adurra dariela ikusi ditut agintariak egunotan, Zaballako makrokartzela aseptiko eta terapeutikoa loriatuz. Sukaldea, kiroldegia, liburutegia eta «zonas con amplias y modernas instalaciones» dituela esanez. Piszina ere ba omen du. Halere, ez dakit zergatik, baina -Europako kartzela sistemarik gogorrena izaki- niri beldurrik handiena «terapeutiko» hitzak ematen dit. Bere adiera zabalenean.
Estatuen logika errepresibo eta itsuan kartzela da arazo guztien soluzio, eskuak garbitzeko manera; baina garbi dago hormak arazoak ezkutatu egiten dituela, ez konpondu. Logikaren ilogika horretan irtenbide demokratiko baten aldeko bultzatzaileek ere kartzelan amaitu dute. Estatu polizialak bere kontrako disidentzia oro zigortzen baitu; marra gorri bat du ezartzen zintzoen eta gaiztoen artean; aitzakia horrekin kamerak ipintzen dituzte alde guztietan, epaitegi zigortzaileak antolatzen dituzte eta polizia hedatzen gero eta gehiago. Estatu polizialak beti bermatuko du bere segurtasuna herritarren askatasunaren bizkarretik.
Estatu demokratiko baten -dioten legez- ispilu baino estoldak dira, ordea, kartzelak. Era askotako patologia psikotikoz betetako giza-zabortegiak dira, egiazko laborategiak, eta ugaritzen ari diren suizidio kasuek hala adierazten dute, inoiz baino gehiago. Nahi dutena esango dute, baina kartzela beti izango da kartzela. Alferrik saiatuko dira hitz ederrez janzten, kartzelak latexezko eskularruak jantzita «vaya usted desnudandose» batekin egiten baitizu ongietorria. Euskaldunok badakigu hainbeste.