Irailak 27: oroimenari eusteko eguna
Irailak 27 egun ditu gaur eta, ohi legez, Euskal Herriko txoko askotan duela 36 urte frankismoak fusilatu zituen militante iraultzaileak gogoan izango dituzte. Jon Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi ETAko kideak, gaur bezalako egun batean erail zituzten, eta baita Ramon Garcia Sanz, Jose Luis Sanchez Bravo eta Xoxe Humberto Baena FRAPeko militanteak ere. Orduan, Euskal Herri osoak Sardanyola eta Burgosera begira, begiak malkotan, eman zituen orduak, diktaduraren azken jukutriaren aurrean amorruari eta penari eutsi ezinik. 1975ean izan zen hori, eta ordutik, urtero-urtero milaka lagun kalera ateratzen dira haien oroimenari eusteko. Gaur ere, halaxe egingo du lagun andanak, segur aski trabei eta poliziaren oldarraldiei aurre eginez. Izan ere, euskal memoria ezabatu nahiko luketen horiek gogor saiatu dira azken urteotan Txiki eta Otaegiren aldeko ekitaldiak galarazten. Alferrik, ordea.
Gau beltz baten osteko egunsentian burutu zituen Francoren diktadurak bere azken fusilamenduak. Ordutik, esan liteke herri honek ez duela benetako egunsentirik ezagutu, eta gaua nolabait betikotu zaigula gurean. Hala ere, 36 urte beranduago, eguzki printzek azkenean fereka egingo dioten itxaropena dauka Euskal Herriak, horretarako lanean ari baitira egunsenti hartan Txiki eta Otaegiren alde hamaika malko isuri zituzten berberak.