GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Kañamaresek ezustean irabazi du Nafarroako Bigarren Mailako txapela

Jon LEUNDA

Julen Kañamaresek eman zuen ezustea Nafarroako Bigarren Mailako Aizkora Txapelketan txapela irabaziz; baita Arkaitz Olanok ere, askoren ustez bera zelako garaipena lortzeko faboritoa eta azken postuan amaitu zuelako finala. Kañamaresekin batera, Juanjo Erdoziak lortu du maila nagusira igotzea.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu behar izan zituen. Finala oso ona suertatu zen, eta emozioa ere gainezka izan zuen, lehian aritu ziren bost aizkolariak bi minuturen azpitik sartu baitziren eta baten azpitik lehenengo laurak.

Julen Kañamares aurrean ibiliko zen itxaropen osoa zegoen, baina gutxik uste zuten txapela berea izango zenik. Aroztegiko gazteak, ordea, lan bikaina egin zuen, eta amaieran bederatzi segundoko tartea kendu zion Erdoziari. Sakanako aizkolaria ere ez zegoen faboritoen artean, baina Lehen Mailan egotea zer den badaki eta beretzat izan zen bigarren postua, mailaz igoz.

Xabier Mindegia ere saiatu zen gutxienez bigarren postu horretara heltzen, baina Labaiengoari 17 segundoren faltan geratu zen maila nagusira igo ahal izateko.

Ezusteak atzeko bi postuetan ere izan ziren. Zaleen ustez, Olano eta Loaiarte ziren bi faboritoak, baina biek amaitu zuten azkeneko postuetan. Loaiarte ez zen lehen bi postu horietatik oso aparte geratu, baina dena estutzen joan zen, eta amaieran laugarren postuan geratu zen.

Arkaitz Olanok ez zuen egun ona izan, ez baitzen ongi aritu. Lehen enborretik atzera geratu zen, eta ezin izan zion horri bueltarik eman. Aurrera egin ezinik aritu zen. Azken ibili zen une oro, eta datorren urtean ahalegindu beharko du berriro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo