GARA > Idatzia > Kultura

Elhuyar fundazioak bost hiztegi jarri ditu eskuragarri iPhone eta Android-erako

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Android eta iPhone plataformek gaur egun duten arrakasta ikusirik, eta orain arte mantendu duten garapen bideari jarraituz, Elhuyar fundazioak bost hiztegi jarri ditu eskuragarri Internet konexiorik gabe erabiltzeko.

Euskara-gaztelania, euskara-ingelesa, euskara-frantsesa, Sinonimoen Kutxa eta Ikasleen Hiztegia dira atzo aurkeztu zituzten aplikazio berriak.

Hiztegi horiek aplikazio independente bezala aurkeztu zituzten, Interneteko konexiorik gabe erabiltzeko aukera ematen baitute, Ikasleen Hiztegia izan ezik, daramatzan argazki kopurua dela-eta memoria falta ikusten baitzuten.

Hiztegiok Android Market eta App Store dendetan daude salgai. Hala ere, Elhuyarren web orrian (www.elhuyar.org) denda horien estekak ere badaude. Gainera, toki berean, demo batzuk ere jarri dituzte eskuragarri erabiltzaileentzat.

Euskara-gaztelania hiztegia 19 eurotan eros daiteke, eta beste guztiak 9 eurotan. Prezioen alde hori paperean ateratakoen artean egiten den berbera da eta, Elhuyar fundazioko Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduradun Josu Aztiriak atzoko aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, sarrera kopuruen araberakoa izan da, lan eta denbora gehiago behar izan baitute hiztegi hori osatzeko.

Fundazioak hiztegigintzaren arloan dituen erronken berri ere eman zuten. Alde batetik, duela bi urte argitaratu zen Zientzia eta Teknologiaren Hiztegia smartphone gailuetarako aplikazioa garatzeko asmoa du fundazioak eta, bestetik, tablet euskarriko ordenagailuetarako aplikazioak ere garatuko dituzte datorren urtera begira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo