Analisia | 1F: SINGAPURREKO SARI NAGUSIA
Itzalik gabe
Vettelek lortutako garaipenak erabakita utzi du Munduko Txapelketa eta taldeak datorren urtera begiratzen hasiko dira orain.
Xabier ALZELAI Probetako ingeniaria
Lasterketa gauez izan arren, Vettel-ek ez du inoren itzalik ikusi. Neurri batean aspergarria izan dela esango nuke, baina ez Valentziakoa bezainbeste. Une zirraragarri puntualen batzuk izan ziren, aurreratze mugimendu batzuk. Baina lasterketa buruko bi autoek ez zituzten beraien postuak arriskuan ikusi; beraz, ez genuen drama handirik bizi.
Hiru urte nahikoa izan dira Singapurrentzat egutegiko proba garrantzitsuenetako bat bilakatzeko taldeentzat eta babesleentzat, Monakorekin batera. Karga aerodinamiko altuko zirkuitua da, non 290km/h-ko abiadura maximora iristen den (305 km/h DRSarekin). Marina Bay Circuit-eko lasterketa urteko luzeenetarikoa eta gogorrenetarikoa da auto eta pilotuentzat. Tenperatura altuek, hezetasunak, balaztatze gune eta bihurgune ugariek lasterketa maratoi bihurtzen dute.
Balaztentzat zirkuitu gogorrenetarikoa da; ez abiadura altuengatik, hozketa aukera urriagatik baizik. Egoera honek gurpilei karga gehigarri bat ezartzen die, disko goriek pneumatikoak barnealdetik egosten baitituzte. Zirkuitua itsasoaren maila berean kokatzen denez, airearen presioa altuagoa da; airea dentsoagoa da eta ondorioz gasolinaren kontsumoa areagotzen da. Hori dela-eta, autoek normalean baino gehiago pisatzen dute irteeran (150 kg erregai). Honek gurpilen kudeaketari oztopo bat gehitzen dio.
Singapurreko erronka handienetako bat atzeko pneumatikoak mantentzea da, 23 bihurguneetako balaztatze eta azelerazio etengabeen ondorioz asko sufritzen baitute. Aldi berean, bihurgune azkarrena soilik 170 km/h-ra hartzen da. Beraz, ez da erraza pilotuentzat aurreko pneumatikoetara energia bideratzea hauek behar bezala berotzeko.
Entrenamenduetan oro har RedBull-ak buelta bakar batera azkarragoak zirela ikusi genuen, McLaren eta Ferrari-ek jarraituta. Baina Alonso Vettel baino apur bat azkarragoa eta McLaren-ak baino dezente azkarragoa zen erregai karga altuekin. Larunbateko kalifikazioaren ondoren, Webber-en alde apustu egin nuen; izan ere, irabazteko aukerak kontuan hartzeko modukoa zen 2. postutik irten baitzen, aurten irteeratan trakets samar aritu izan den arren. Dena delako arrazoiagatik Webber-ek ildo beretik jarraitzea erabaki zuen eta ahazteko moduko irteera bat oparitu zigun berriro. Gero pit-stop guztietan galtzea lortu zuen eta ez zen une bakar batean ere garaipenagatik borrokatzeko egoeran izan.
Sebastian Vettel-ek irteera on bat egin zuen, lasterketaren buruan mantendu zen. Soilik une batean bere posizioa arriskuan izan zuen, McLaren-ek azken hamar bueltetara arte itxaron zuenean Button-en gurpilak aldatzeko. Hortik aurrera, harritzekoa izan arren, Button-ek Vettel-ekiko distantzia nahiko azkar murriztea lortu zuen, baina diferentzia gehiegizkoa zen Vettel harrapatzeko.
Alonso-ren 4. postua lortu zezakeen onena izan zen, Ferrari-aren handicap-a kontuan hartuta. Espero ez bezala, Ferrariak gurpilak oso bizkor jan zituen, eta aldi berean ez zen oso azkarra McLaren edo RedBull-ekin alderatuz.
Aipatzekoa Di Resta-ren 6. postua, denboraldi osoan zehar maila ona erakutsi baitu hasiberria izanda. Harrigarria ere Schumi-ren gidatze akatsa Perez atzetik harrapatuz, bere esperientzia mailako pilotu batengandik esperoko ez genuena. Renault-en errendimendua nahiko eskasa izan zen. Denboraldi hasieran podiuma sarritan zapaltzetik 15. eta 17. postuan ibiltzera pasa dira.
Edozein kasutan txapelketa erabakita dago. Segur aski hamabost egunetan Vettel Japonian txapeldun bilakatuko da. Hori txarra da aurten gelditzen diren lasterketei begira, taldeen autoen garapena geldituko baitute. Aldi berean berri ona da datorren denboraldiari begira, taldeek baliabide eta denbora gehiago erabiliko baitute 2012ko autoak diseinatzeko. Egutegian gelditzen diren aurtengo probak (Japonia, Korea, India, Abu Dhabi eta Brasil) entsegu moduan erabili ahal izango dituzte datorren urterako.