«Etakide literarioaren ametsak ilunak dira, amiltzeak, herioari lotuak»
Irakaslea eta idazlea
Filosofian doktore eta Filologian lizentziatu, Bermeoko institutuan eskolak ematen ditu Markos Zapiainek (Irun, 1963). Makina bat liburu argitaratu ditu, tartean «Errua eta maitasuna», «Zenbait terrorista» eta «Talatik tiroka». «Etakideen ametsak» saiakera argitaratu berri du Elkar argitaletxean. Euskal literaturak sortu dituen etakideek egin dituzten ametsak aztertzen ditu bertan.
A. BILBAO | BILBO
«Etakideen ametsak» liburuan 25 amets aztertu ditu Zapiainek, sei euskal idazlek bederatzi literatur lanetan eraikitako etakideei kasu eginda.
Zergatik hartu dituzu bederatzi nobela horiek aztergai?
Idazten hasi baino lehen etakide bat protagonista duten euskal lan guztiak irakurri nituen, baina etakide amesgileak baino ez ditut kontuan hartu; hitzaldiaren mamia zen, materiala mugatu behar. Joxe Zuazalagoitia, Exkixu, Marmitte eta beste hainbat etakide gogoangarri liburutik kanpo gelditu dira, ez baitute amets egiten.
Saiakera batera zer ekarriko eta etakideen... ametsak?
Ametsak kontatzeak, hitzaldietan, jokoa ematen du. Gogorra da ordu eta erdiz hitz egitea, gogorra entzutea, batez ere teoria eta abstrakzioa baino ez badituzu erabiltzen. Apaizek ondo dakite hori eta sermoirik ederrenak parabolez eta ipuinez josiak dira. Munilla eta Benedicto imitatzera mugatu naiz.
Zergatik ametsak eta ez izateak, asmoak, ekintzak.
Errazagoa delako. Ametsak ipuin perfektuak izaten dira, eta etakideenak bereziki dira esanguratsuak, indartsuak, arkitektura bitxi koherente batez egituratuak eta zirraragarriak. Ametsetatik tiraka izaeren, ekintzen eta asmoen funtsa ezagutzera hel zaitezke, baina ez alderantziz. Batzuetan ametsak pertsonaiaren izaera eta asmo kontzientea traizionatu egiten du -«Labartzari agur» [Txillardegirena] liburuko bigarrenak-.
Nolako ametsak egiten ditu etakide literarioak?
Amets ilunak dira, amiltzeak, herioari lotuak. Sarritan heriotza iragartzen diote amesgileari, baina hau ez da beldurtzen, hil nahi izaten baitu. Amets bakar batean ageri da mundu perfektu bat, «Zeru horiek» [Atxagarena] laneko bigarrenean, eta ez dago hemen kokatua, baizik eta Panpan.
Errealitatearekin lotu daitezke, hau da, benetako etakideen ametsetatik hurbil egon daitezkeela uste duzu?
Ziur aski bai, oso desberdinak eta askotarikoak baitira, bai amets hauek eta bai etakide errealak. Egongo da bat etortzeren bat. Dena den, etakideak asmatu dituzten idazle horietako batzuek, ametsak asmatzeko orduan, beren baitan bilatu dute inspirazioa, iturri enpirikoan baino gehiago. Eta, oker ez banago, idazle horietako bat etakidea izan da, edo da.
Bada ezaugarri komunik aztertutako literatur lanetako ametsetan?
Bai, esan bezala, guztiak dira, «Lagun izoztua» [Sarrionandia] nobelako bigarren ametsa izan ezik, heriotzak bidaliak: erorikoak, erretzeak, ahitzeak, galtzeak, itotzeak, kuzkurtzeak, ixteak.
Etakideak amesten jartzea, idazleak beste modu batean azaldu ezingo lukeena agertu ahal izateko era da?
Bai, ziur aski zaila egingo litzaieke azaldu nahi zutena beste modu batez azaltzea. Ametsari esker sakonkiago ezagutzen dugu etakidearen sentimendua, esaterako Metxaren harremana psikopatarekin [Izagirreren lanean], zein Laura Garaterena Amarekin [Urretabizkaiaren lanean]; edota poliziaren sator arraren erakarmena eta beldurra komandokide emearenganako, «Pasaia Blues» [Canorena] obran.
«Etakideen ametsak» saiakeran euskal eleberrietako protagonista etakideek egiten dituzten ametsak aztertu ditu idazleak, 25 inguru. Horretarako, bederatzi lan hartu ditu ardatz; bere ustez, literatur lan bikainak guztiak ere. Saiakeraren abiapuntua berriz, UEUko eskari batean dago. «Ibon Egaña eta Edu Zelaietak deitu zidaten `Euskal literatura eta gatazka' ikastaroan hitzaldi bat emateko», eta solasaldia prestatzen ari zela jaio zen liburua, edo saiakeraren gaia.
Aztertutako lanak, hauek dira: Ramon Saizarbitoriaren «Hamaika pauso», Arantxa Urretabizkaiaren «Koaderno gorria», Koldo Izagirreren «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak», Harkaitz Canoren «Pasaia blues», Joseba Sarrionandiaren «Lagun izoztua», Txillardegiren «Labartzari agur» eta Bernardo Atxagaren hiru lan, «Gizona bere bakardadean», «Zeru horiek» eta «Soinujolearen semea»; guztiak ere azken bi hamarkadetan argitaratuak, 1993-2005 bitartean.
Zapiainek lanaren hitzaurrean «fikziozko etakideak oroz lehen fikziozkoak direla» ohartarazten digu, eta, beraz, «ez direla inolaz ere egiazko etakideen trasuntotzat hartu behar». Azken finean, «abiapuntua errealitatetik etor badaiteke ere, idazleak eraiki behar izaten du edozein pertsonaia, etakidea barne, narrazioaren eskakizunak aintzat hartuta».
Idazleak berak aitortu duenez, liburuaren izenburu egokiena «Euskal eleberrietako etakideen ametsak» litzateke; «baina luzeegia da», dio irakasleak, eta harrigarria egiten zaio inori izenburua zirikatzaile iruditzea, baita saiakeraren ondorio nagusi legez, «hain dira ametsak ageri diren nobelak bikainak eta izugarriak», ETAk Euskal Herriari eginiko ekarpenik garrantzitsuena ETAri buruzko euskal literatura izan dela dioenean inor asaldatzea ere. GARA