GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juan Luis Mugertza

Ilusioa eskegi

Bizitza erritualez beteta dago. Nork bere erritualak ditu, gainera. Egongo da ohekidea hitz gozo batez esnatuko duenik, txakurra lanera joan aurretik aterako duenik, edota gauza biak egingo dituenik. Ni ohetik altxatu, eta oraindik begiak erdi zabalik ditudala, ondoko logelara propio joaten naiz, eta pertsianaren uhalari eusten diot gora egiteko, egunsentiaren argi motela etxean sartzeko. Eta orduan hantxe begiesten dut gauean, edozein modutan kateatuta, eta bil-bil egondako «askatasun zapia» pertsianako kakoetatik eskegita.

Gehienetan, ez dit lan handirik ematen, bakar-bakarrik ez bada, haizeak lagunduta, ikasi baitu bere leloa lau haizetara itxuroso zabaltzen. Halarik ere, inoiz eguraldiaren txarrak kuzkurtzen baldin badu, ikurraren ertzetatik tiratu, eta betiko itxura harroa hartzen du. Gainera, gure askatasun ikurra ez dago bakarrik, badu lagunik; aurrez aurreko etxeetan beste bi daude, eta horrek laguntzen dio elkarren arrimuan presoen egoeraz txutxu-mutxuka aritzen.

Tamaina horretako erritualak baino potoloagoak egongo dira; hori ez dut zalantzatan ipintzen, baina niri laguntzen dit egunerokoa alaiagoa egiten, beraiengandik gertuago egoten.

Eta zuri?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo