GARA > Idatzia > Kultura

«Esa eta Itoitz buruan izan arren, behar literarioen arabera sortu nuen Urgain»

p050_f01.jpg

Joan Mari Irigoien

«Ur arreak, ur garbiak» nobelaren egilea

Urtegi bateko urek azpiratzen duten Urgain herriaren historia kontatzen du altzatarrak idatzitako azken liburuan. Nafarroako ekialdean eta 1920 eta 1960 artean girotua dago, eta Esa eta Itoitz buruan izan baditu ere, idazleak pixkanaka eta behar literarioen arabera sortutako herria da Urgain.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948) lagun izan ditu senideak «Ur arreak, ur garbiak» nobela osatzerakoan -azala eta barruko mapa bi anaiak egin dizkiote- eta atzoko aurkezpenean ere ondoan izan zituen irigoiendarrak. Familiaz, lagunez eta kazetariz inguratuta, bere obraz mintzatzeaz gain, memoria historikoari buruzko hausnarketa eta aldarrikapen batzuk ere egin zituen.

Liburuaren sorburua zein den azaltzen hasi eta «Juan Luis Zabala da erruduna», erran zuen entzuleen artean zen «Berria»ko kazetaria seinalatuz. Orain dela urte anitz, «Egunkaria»rako ipuin baten eske joan zitzaion Irigoinei eta honek ur azpian gelditzen den Urgain izeneko herri baten istorioa asmatu zuen. Konturatu zen hor bazegoela hazia nobela bat osatzeko, eta hala egin zuen. «Baina Xabier Mendigureni eman nionean, `eskasa da' esan zidan koplarik gabe. Orduan tiraderan sartu eta itxaron egin nuen handik hamar urtera, martxo honetan berriro hartu nuen arte. Berehala jabetu nintzen non zegoen akatsa: egituran».

Erretiratuen kontakizun bizia

Hiru planorekin sortutako nahasteari konponbidea emateko, halako batean ideia bat bururatu zitzaion: erretiratu kuadrilla bat sartzea, orainetik mintzo dena, baina oroimena duen neurrian iragana etengabe ateratzen zaiona. Erretiratuek bizitasuna ematen diote kontakizunari.

«Oso pozik gelditu naiz Satur izeneko pertsonaiarekin. Errealitatean bizi den gizon baten errekreazioa da. Askotan joaten naiz Nafarroako herri batera eta hantxe ezagutu nuen Salomon. Salo tontotzat dute, baina nik ez dut uste hala denik, berezia da eta batzuetan erantzun jenialak ematen ditu».

Irigoienek izugarri maite du Salo eta berarekin paseatzen denean, ohiko galderez gain, tarteka galdera filosofiko edo zorrotzak egiten dizkio. Lehengoan, adibidez, hala erran zion, gaztelaniaz, ez baitaki euskaraz: «¿Qué piensas de la resurreción de los muertos?». Salo ez da behin ere erantzunik gabe gelditzen eta pixka bat pentsatu ondotik hala bota zuen: «Posiblemente es imposible». Idazleak ordubete eman zuen barrez.

Osaba Mañueli eskainia

Serioago jarri zen sortzailea bere azalpenei jarraipena emateko, eta jakinarazi zuen liburu honek hiru eskaintza dituela: osaba Mañueli, Joxan Ormazabali eta Itoizko solidarioei.

Lehenbizikoan gelditu zen: osaba Mañuel. «Ez nuen ezagutzeko zorterik izan. Ez zorterik, ez aukerarik. Izan ere, Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekura eraman zuten preso. Egun batean, libre zegoela esan zioten: `Zoaz!'. Gero, gotorlekutik atera, eta tiro jasa batez akabatu zuten», kontatu zuen. Horregatik aukeratu zuen nobelarako Nafarroako balizko herri bat, errealitatearekin hagitz lotua, eta horregatik erakutsi ditu, bere krudeltasunean, 1936ko gerrarekin eta gerraondoarekin erlazionatutako pasarte batzuk. «Nafarroan gertatu zena, izan ere, ez zen batzuen eta besteen arteko gerra izan. Nafarroan batzuek besteak garbitu zituzten. Kuneteroek akabatu zituzten gureak», salatu zuen.

«Memoria ez da biktima batzuk gogoratzea eta besteak ez. Memoria, guztiak gogoratzea da», nabarmendu zuen, eta bakea behar dugula aldarrikatu zuen, «baina ez pasta kartoizkoa, benetakoa baizik. Espainiak errekonozitu beharko ditu noizbait gure eskubide kolektiboak, ezta, osaba Mañuel?».

«Bateragune auzian» kondenatutako presoak gogora ekarri eta bakoitzari ale bana oparituko diela jakinarazi zuen, eta Ipar Euskal Herrian hots handiak atera dituen eutanasia kasua ere oroitarazi zuen. Poema bat irakurri zuen Bonnemaisonen ohorez.

satur

«Oso pozik geratu naiz Satur pertsonaiarekin. Errealitatean bizi den gizon batean oinarrituta dago. Berezia da eta erantzun jenialak ematen ditu»

BATERAGUNE

«Bateragune auzian» kondenatutako presoak izan zituen gogoan eta ale bana oparituko diela erran zuen. Bonnemaisoni, aldiz, poema bat eskaini zion.

«Liburuak ipurdiarekin egiten dira»

Egunero aritzen denez idazten, diziplina bat behar du Joan Mari Irigoienek. Sarri aipatzen da inspirazioa, baina berarentzat inspirazioa batez ere lana da. «Zu eserita bazaude mahai bati lotuta eta pentsatzen, eta zazpi-zortzi ordu egiten badituzu egunero, halako batean zer edo zer aterako zaizu. Nagusiki, liburuak buruarekin baino gehiago ipurdiarekin egiten dira», ziurtatu zuen. Orbetarren trilogia idatzi zuenean, egunero ordu pila bat ematen zituen idazten, baina gero lo egiteko arazoak izan zituen eta idazketa pixka bat arrazionalizatzea erabaki zuen. «Orain jaiki eta lan egiten dut goizetik; gero bazkaldu eta arratsaldean berriz... Lehen, aldiz, `Lur bat haratago' nobela idazteko adibidez, goizeko ordu bietan jaikitzen nintzen eta agian zortziak arte segitzen nuen; gero ohera...».

Armei buruzko nobela batekin ari da orain. «Benetako istorio bat kontatu nahi dut, gordina, baina benetakoa», iragarri zigun. Anitzek erraten dute politika ez dela literaturan sartu behar; altzatarraren arabera, ordea, nola sartzen den da kontua. Gainera, «guztia da politika. Eserita egotea ere politika da, seguru», azaldu zuen irri artean, bere eserita egoteko moduari erreparatuz. Jose Maria Arguedasen «El Sexto» obra jarri zuen adibidetzat, kartzelako egoera salatzen duena, baina ongi egina eta taxutua. Irigoienen ustez, ongi sartzea da baldintza. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo