GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auzoetako bileren ildoan, Alde Zaharrak jasoko du bihar Donostiako Udal Gobernuaren bisita

GARA | DONOSTIA

Donostiako Udal Gobernuak (Bildu) zuzendutako auzoz auzoko bilera txanda abian da, eta dagoeneko, elkartu dira Antigua eta Amara Berri auzoetako bizilagunekin. Atzo Martutenen bilera egin ostean, Alde Zaharreko txanda izango da bihar, 19.00etan Konstituzio plazako liburutegian. Parte hartzea irekia da, are gehiago, Udalak horretarako gonbita luzatu du, ahalik eta iritzi, iradokizun edota kexu gehien biltzeko.

Helburua, elkarlana, herrigintza eta partaidetza sustatzea izango da, eta horretarako, elkarrizketak sustatzea ezinbestekoa izango da Bildurentzat. «Nola ikusten du bakoitzak bere auzoa?», «Zer lehentasun ikusten dituzue?», «Zer proposatzen dugu interes kolektiboari erantzuteko?», horra, plazaratuko dituzten galderetako batzuk.

Juan Karlos Izagirre alkateak behin baino gehiagotan esan duenez, «kultura berri bat sustatzen ari gara. Politika-kultura berri bat, parte-hartze handiagoa duena eta sozialagoa eta anitzagoa dena. Behetik gorako politika egin nahi dugu. Eta ongi egin nahi dugu. Honek atzerako urratsik ez izateko».

Udal gobernuak marko politikoa eta udal-egoera ekonomikoa azaldu eta konpartituko du auzo bakoitzean. Elkarren arteko diagnostiko komuna egin, eta ondoren, proposamen zehatzetan lan egingo dugu.

Horrela, urrian eta azaroan zehar, ia egunero, bilera bat izango da Donostiako auzo batean, eta salbuespenik gabe, guztiek izango dute Udal Gobernuaren bisita. Auzo bakoitzean, gainera, ez dute bilera bakarra egingo. «Iragarri genuen (...) herritarrengandik hurbil egon nahi genuela, eta ekimen hau zentzu horretan egiten dugun bigarren urrats garrantzitsua da. Eta ez da, inola ere, azkena izango», dio alkateak.

Datorren asteko agenda

Honakoa da datozen egunetan bilerak izango diren lekuak: urriaren 3an Bidebietan, Kontadores gazte zentroan, 19.00etan; hilaren 4an Intxaurrondon, ordu berean, Intxaurrondo kultur etxean; urriaren 5ean, asteazkena, Ulia auzoan izango da, 19.00etan Okendo kultur etxean eta urriaren 6an Loiola-Txominen, ordu berean, Loiolako kultur etxean. Gainerako agenda osoa www.donostia.org/info gunean kontsulta daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo