Herritarren parte hartzea sustatuz jai eredu berri baten bila
Herri nahiz hirietan jaiak antolatzen direnean parte hartzea izaten da osagai garrantzitsuenetako bat: herritarrak festan murgiltzeko borondatea dutela ikustea oso pozgarria izaten da. Hori da, hain zuzen, Oñatiko Udal Gobernu berriak San Migel jaiak antolatzeko bultzatu nahi izan duena, kolaborazioa. Horretarako bizilagunekin batzarrak egin zituen, eta, hain justu, jaiak bi eremutan garatzearen ideia herritarrek proposatu zuten bileretako batean.
GARA | OÑATI
Festa bikainak igarotzeko ezinbesteko osagaiak dira konpainia eta giroa. Lehendabizikoa bakoitzaren hautua da, gustuaren arabera. Bigarrena lortzeko, berriz, umore ona eta dibertitu nahi izatea ezinbestekoak dira. Eta horretarako, parte hartzeko borondatea edukitzea da gakoa. Hain zuzen, hori lortzea izan da Oñatiko Udalaren helburuetako bat dagoeneko abian diren San Migel jaiei begira.
Datorren urriaren 3ra arte iraungo duten jaiak antolatzerako orduan, herritarren iritziak jaso nahi izan zituzten: iradokizunak, ideiak, iritziak... edozerk balio zuen denon artean egitaraua diseinatzeko, eta batez ere, ideia berriak proposatzeko. Esperientzia ona izan dela agerian gelditu da, Mikel Biain alkateak horri erreferentzia egin baitio oñatiarrei bidalitako agurrean. Eskerrak eman dizkie «aurtengo jaien antolaketan fin-fin ibili diren herritarrei eta udal langileei». Jai Batzordekoak eta Txosna Batzordekoak ere aritu dira ahal zuten horretan laguntzen.
Uztailean egindako batzarrera bueltatuz, bertan mahaiaren gainean bildu ziren ideien fruituetako bat da aurten bi jai eremu izatea. Hala, plaza inguruan burutuko diren ekintzez gain, goialdean, Atzekokalen ere izango da zertan dibertitu.
Bestalde, hamabost urte pasatxo dira Txosna Batzordeak bere jai egitaraua antolatzen duela Unibertsitateko plazan. Eta azken urteotan egitarau ofizialean sartzeko hasieran zeuden zailtasunak leundu badira ere, Bilduk gidatzen duen Udal Gobernuak elkarlana bultzatu egin du, betiere, bere herri programa -lehen aipatutako herritarren parte hartzea xede duena- berretsiaz.
«Bakoitzak bere erara»
Hau guztia kontuan hartuta, agenda begiratu eta bakoitzari zein ekintza interesatzen zaion hautatzea besterik ez da falta. Baina atzo ohartarazi genuen bezala, neurria ondo hartu beharra dago! Festak amaitu aurretik oraindik egun batzuk gelditzen dira, eta beraz, indarrak ondo administratu beharko dira eta.
Bihar Txantxi familiaren eguna da, haurrek, eta hortaz, gurasoek kontuan izateko eguna. 11.00etatik aurrera plazan tailerrak, jolasak, ludoteka eta lehiaketak izango dira. Diana jaurtiketarekin irekiko da plazako egitaraua. Ondoren, astotxo lasterketa -11.30-, oztopo lasterketa -12.00- eta porte jaurtiketa -12.30- izango dira.
Sukaldean zein trebeak diren ere erakutsi ahal izango dute 12.00etatik 13.00etara egingo den pintxo lehiaketan. Jarraian, horiek dastatzeko aukera izango da.
Txosnagunean, bitartean, Egun Morea ospatuko dute. Emakumearen eta berdintasunaren aldeko egunean, bazkari feminista egingo dute, 14.00etan. Txartelak bost euroren truke eskuratu daitezke Boga, Ona eta Arrano tabernetan.
16.00etan, eta eguneko gaiari jarraituz, Olinpiada Moreak egingo dira eta 18.30ean Transmarikabollo kalejira.
17.00etatik 19.30era ikusmira plazan jarriko dute oñatiarrek, sokamuturra izango baitute, Arno ganadutegiko zezenekin. Udalak dagoeneko ohartarazi du hamasei urtetik beherakoek guztiz debekatuta dutela ekintza honetan parte hartzea, eta aurreratu dute Udalak ez duela gertatzen denaren gaineko erantzukizunik bere gain hartuko. «Hesietan jarritako burladeroak [babeslekuak] korrikalarientzat bakarrik dira», erantsi dute.
Sexu erasoak salatzeko
Festetan gertatzen diren sexu erasoak direla eta, herri eta hirietan kanpaina bereziak egiten dituzte, gizartea arazoaz konturatzeko eta halako erasoak behingoz desagertzeko, azken urteetan batez ere. Hain zuzen, Oñatiko Berdintasun Batzordeak sanmigeletan jazo daitezkeen sexu erasoen salaketak egiteko telefono zenbaki bat jarri du: 688 67 94 62.
Jakinarazi dutenez, hogeita lau orduz martxan egongo da eta horren bidez laguntza psikologikoa eta juridikoa eskainiko dute. Halaber, gaur, bihar eta larunbatean Txaketua inguruan kanpainaren gaineko informazio zabalagoa eskainiko dute.
Gune horretan gaian adituak diren profesionalak arituko dira, indarkeria jasaten duten pertsonak artatzen esperientzia dutenak, hain zuzen. Edozein galdera edo kontsulta erantzuteko prest izango dira.
Kanpaina indartzeko asmoz, jai parekideen aldeko pegatinak egin ditu Udalak. «Ez isildu. Ez izan indarkeriaren konplize», dio pegatinako mezuak. Egunotan banatzeaz gain, hainbat puntutan ipiniko dituzte.
Sanmigeletan sokamuturra egingo dute plazan -bihar eta astelehenean-. Udalak ohartarazi duenez, 16 urtetik beherakoek guztiz debekatuta dute horietan parte hartzea, eta, hortaz, ezer gertatuz gero, ez dute ardurarik hartuko.
Festetan sexu erasorik jazoz gero, laguntza bideratzeko telefono bat jarri du Berdintasun Batzordeak: 688 67 94 62. Laguntza psikologikoa eta juridikoa eskainiko du profesional talde batek 24 orduz.
Mikel Biain alkateak herritarrei dei egin die jaietan albo batera utz ditzaten atsekabe, ardura, haserre eta abar luzea, «behar-beharrezkoa» da. Halaber, gogoan izan ditu herria maite baina herrira bueltatu ezinik diren lagunak.
Hitzordu nagusietako bat bihar izango da, 20.00etan, herriko plazan. Hilabeteko azken ostirala dela-eta, euskal presoen aldeko elkarretaratze berezia izango da. Festen barruan deialdi berezia egin dute.
Bihar, 23.00etatik aurrera, «festi kallejerua» ospatuko da. Herrian zehar musika kontzertuak eskainiko dituzte Klabo oxidado, Boa morte, KKK, Labur metralla eta Zaborra musika taldeek.
«Zuk lan eta nik jai» esateko aukera izango dute oñatiarrek. Gainontzekoek igandearen ostean lanera bueltatu beharko duten arren, txantxikuek bulegoan jai izatea lortu dute, eta egongo da asteartean ere lanera joango ez denik!
Hala ere, eta astelehena heldu aurretik, agenda lepo dago. Larunbatean, Herri Egunean, asto, behor eta pottoken erakusketa izango da Unibertsitate inguruan 10.30etik aurrera, baita fruitu eta barazki lehiaketa ere, eta lore eta landare erakusketa.
12.00etan, herriko plazan, XXV. Sagardo dastaketa egingo dute. Besteak beste, Abaltzisketa, Aduna, Astigarraga, Hernani, Legorreta eta Usurbilgo sagardogileen parte hartzearekin. 18.00etan, herri kirolak: Floren Nazabal, Oihan Larretxea, Ugaitz Mugerza eta Angel Arrospide, aizkoran, eta harri jasotzen Aimar Irigoien eta Izeta III.a.
Gero, dantza egiteko aukera, Bizardunak taldearen eskutik, 23.00etan, txosnagunean.
Bertsozaleek saio ederraz gozatu ahal izango dute igandean: 20.30ean balkoitik balkoira arituko dira Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso. Hitzordua Kale Zaharrean izango da.
Astelehenean, herri bazkaria egingo dute txosnagunean, 14.30ean, baina sanmigelak ordu txikiak arte luzatuko dira. GARA