GARA > Idatzia > Euskal Herria

Onik agertu da Irubelakasko mendi inguruan desagertutako bigarren apaiza

GARA | BIDARRAI

Astelehenean mendira joan eta desagertu ziren bi apaizak etxean dira jada. Bigarrena, Jean-Battitte Ithurria, atzo goizean azaldu zen Baztan inguruko baserri batean, eta bertakoek sorosle zerbitzuak ohartu zituzten.

Guardia Zibilak eraman zuen 78 urteko apaiza Bidarrairaino, onik baina bigarren gaua mendian igaro ostean, oso akitua.

Bere kide Peio Hirigoien (76 urte), berriz, herenegun eguerdian aurkitu zuten Oloroeko Jendarmeriako mendi sorosleek, ingurua helikopteroz arakatzen ari zirelarik.

Harrietan harrapatuta

Berak aitortu zuenez, biak ala biak astelehenean abiatu ziren Bidarraitik Irubelakaskora eguna mendian emateko asmoarekin. Gune harritsu batean harrapatuak geratuta, han bereizi omen ziren. Biarrizko bi apaizek ez zuten, beraz, batera igaro lehen gaua, baina biak hitzez harremanetan egon ziren. Goizean, Hirigoienek bere kidearengana joateko bidea hartu zuen arren, galdu egin zen, eta, azkenean, jendarmeek aurkitu zuten.

Inguru hura Nafarroa Garai aldera ematen duen pendizean dagoenez, arratsaldean Guardia Zibileko sorosle taldeak ere bilaketa lanetan laguntzen hasi ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo