GARA > Idatzia > Kultura

GAZTE LITERATURA

Bidaia bera helburu

p047_f01.jpg

p047_f02.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Iker dugu abentura honen narratzailea eta egunerokoa oharrez beterik ageri da; 10. egunean, esaterako, goizeko 8.30ean dugu lehen apuntea, 9etan beste bat, 9.30ean hirugarrena, handik hamasei minutura laugarrena eta arratsaldeko 4etan azkena. Eta kontakizunari erreparatuta hasieran hotelean hartu duten gosari eskasa komentatzen du, ondoren hoteleko kontua ordaintzen ari direla nola ikusten duten jendea jangelara sartzen (eta beraiek jan dutena «ongi-etorri detailetxoa» izango zela), ondoren gosari oparoaren berri ematen zaigu, eta nola, kutxazainera joandakoan, konturatu diren diru kalkuluak oso gaizki eginak zituztela, eta guztiz garestia zela, eta ez merkea, guztia Norvegian. Dirurik ez gastatzea erabakitzen dute berehala, eta azkenik, arratsaldeko 4etan herrialde garesti horretatik irten bitartean, nola pasatzen duten arratsaldea liburutegi batean, «beste ezertan ere xentimorik ez gastatzeko». Eta horixe dugu liburu honen narrazioa; zatikako narrazioa edo gertakari, anekdota, pentsamendu edo ateraldi laburrez beterikoa. Honek, batzuetan, erritmo bizia eta umoretsua ematen dio istorioari: «14:00 Tiroleko jantzi eta ohituren museoa bisitatzen dugu. 15:00 Tiroleko arte museoa bisitatzen dugu. 16:00 Miniaturen museoa bisitatzen dugu. 17:00 Museo olinpikoa bisitatzen dugu. 18:00 Beste museo bat. 19:00 Beste bat.» (72. or.). Gure bikoteak museoak bisitatzen ditu «Innsbruck card» txartel garestia (baina atrakzio kulturalak eta museoak ikusteko aukera ematen duena) amortizatzearren. Irakurleak, horretan, beste kasu askotan bezala, irribarrea izango du ezpainetan, Jon eta Ikerren egoera imajinatuz.

Baina zatika narratzeko modu horrek, bestalde, gertakari eta kontakizun guztietan oso azaletik pasatzen ari den sentsazioa sorrarazten dio irakurleari, eta horrek, nire ustez, argumentuaren pobretzea dakar. Arin irakurtzen da, baina jakinik irakurketa prozesu sortzailea dela eta irakurleak hutsuneak osatu behar dituela, oraingo honetan hutsuneak oso handiak direla dirudi.

Desio izeneko tren batean, aurretik aipaturiko eragozpen (batzuen ustez bertute izan daitekeena) hori izanik ere, garai baten eta gazte gizarte baten isla ere bada. Mugimendua, bidaia bera (dibertsioa eta ligatzeko asmoarekin batera) helburua duen bidaia baten kronika.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo