GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria

Exotiko izateaz

Duela aste bi, Bernardo Atxagaren izena eramango duen katedra zabaldu zuen CUNY-k. Gertakari horren harira euskarak eta, oro har, euskal kontuek AEBetan pizten duten jakin-minaren arrazoia zein den galdetu zion kazetari batek Atxagari berari, eta honek zera erantzun zuen, gure kultura «exotikoa» iruditzen zaiela estatubatuarrei eta gauza baikorra dela hori, munduari zer eskaini izan baduelako gure kulturak. Nahiz eta urrats handia iruditzen zaidan AEBetako unibertsitate publiko onenetako batean euskarari eta euskal kulturari zuzenduriko katedra sortu izana, tamalgarria irudituko litzaidake hura euskal mundua «exotiko» kontsideratua izateari lotuta egotea. Tamalgarria izango litzatekeela diot, estatubatuarren begietan euskara eta euskal kultura bigarren mailako zerbait direla adieraziko lukeelako.
 
Gogora ekar ditzagun «exotiko» terminoaren nondik norakoak. Hitza bera grezierazko exÿtikós-etik dator, «atzerritarra», eta 1560-1600 urte bitartean zabaldu zen haren erabilera Europako hizkuntza «nagusien» artean. Datek bakarrik zerbait adierazi beharko ligukete: Europa kanpoko lurraldeen kolonizazio prozesua hasi berria zen orduan. Nor eta zein helbururekin hasi zen «exotiko» hitza erabiltzen argi dagoela iruditzen zait: bere burua goragoko maila batean kokatu edo, hobeto esateko, mundua bere neurrira eraikia izan dela uste duenak, bere neurri/mailatik kanpo (normalean, neurri horretatik beherago) dagoena izendatzeko. Ildo horretan, ez da harritzekoa hiztegian, hitzaren adieren artean, «tokikoa ez dena», «itxuraz erabat ezohikoa edo arraroa» eta «arkaikoa» bezalako kontzeptuak azaltzea.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo