GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Justo Arriola, Aitor Aspuru (*) Auzipetuak

Urriak 1: denok Urbina eta Gasteizera

 

2009ko urtarrilaren 17an AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, Urbinan egiten ari zen AHTko lan eremurainoko manifestazio bat burutu zen. Berau bukatutakoan, jende multzo handi bat AHTren plataformara igotzen saiatu zen. Esan behar da plataforma horretan ez zegoela ez makinarik, ez ezer. Lehenengoak esertzen ari zirenean Ertzaintzaren oldarraldia hasi zen: bertatik bertara botatako pilotakadak, borra-kolpeak... Bortizkeria herriraino zabaldu zen eta Urbinako herritarrak ere kolpatuak, irainduak eta mehatxatuak izan ziren. Hamarnaka zauritu izan ziren eta hauetako batzuek erietxetatik pasatu behar izan zuten. Manifestari askok han bizitako izualdia ez dute erraz ahaztuko. AHTren aurkako oposizioa basaki zigortzea izan zuen helburu operazio militar honek.

Zortzi lagun atxilotuak izan ginen. Komisariako ia hiru eguneko egonaldian Ertzaintzaren partetik guztiz tratu oldarkor, umiliagarri eta iraingarri jasan genuen, eta konfiantzazko abokatua izateko eskubidea ukatu ziguten. Komisariatik atera ginenean jakin genuen Auzitegi Nazionalera eraman nahi izan gintuztela baina bertako epaile batek kasua Gasteizko epaitegira itzularazi zuela.

Bi urte eta erdi pasa ondoren, basakeria honekin guztiarekin pozik ez-eta, urriaren 5ean sei lagunok epaiketa izango dugu, bosti 4 eta 2 urte bitarteko kartzela zigorra ezarri nahi digute. Behean sinatzen dugun auzipetuok honako hau aldarrikatzen dugu: ama lurra eta herrien geroa suntsitzeaz gain erabat xahutzaile den proiektu hau sustatzen duten politikariak epaitu beharko lituzketela, eta ez gu. Geure delitu bakarra izan da AHTk kendu digun lurra denbora batez berreskuratu nahi izatea, plataforma huts batean eseriz -gehienok ez genuen lortu- eta euren borrak geure buruaz apurtzea.

Arrazoigabekeria hau salatzeko, gaur AHT Gelditu! Elkarlanak deitutako ekitaldietan parte hartzeko deia egiten dugu: goizeko 10.30ean Urbina-Gasteiz ibilaldia. Bazkaria Gaztetxean eta gero, arratsaldeko seietan manifa nazionala.

Halaber, autoinkulpazio kanpainako orria betetzeko eskatzen dizuegu. Eskerrik asko zuen sostenguagatik. Eutsi AHTren aurkako borrokari, ez dezatela gu kikiltzearen helburua lortu.

(*)Eskutitza Ekaitz Lotinak, Imanol Madariagak, Pablo Remirezek eta Julio Villanuevak ere sinatzen dute

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo