Aizkora | Nafarroako kanporaketa
Beteranoek oraindik ongi daudela erakutsi nahi dute
Bihar, 13.00etatik aurrera, Etxarrin jokatuko den saioko bost onenak lehiatuko dira Doneztebeko finalean.
Jon LEUNDA
Floren Nazabal, Juanjo Lopez, Antonio Senosiain, Aitor Senosiain, Donato Larretxea, Ohian Larretxea, Manolo Kañamares, Ander Erasun, Jon Rekondo eta Ruben Saralegi neurtuko dira bihar Etxarri Aranatzen, 13.00etatik aurrera, Nafarroako Lehen Mailako finalean sartzeko asmo eta helburuarekin.
Sailkapeneko aurreneko bostek aukera izango dute azaroaren 18an Donezteben jokatuko den finalean aritzeko. Azkeneko biek, aldiz, maila galduko dute, eta datorren urtean Bigarren Mailan lehiatu beharko dute. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu.
Bost finalisten izenak bihar jakingo dira, baina aurretik garbi dago, ezeren okerrik ez badago, Nazabal, Lopez eta Donato Larretxea han izango direla. Beste bi postuetarako lehia handia izango da, eta izen asko agertzen dira. Mailari eusteko borrokan ere asko dira agertzen diren izenak.
Betiko aizkolari beteranoez gain, oso gazteak ere agertzen dira maila nagusian, eta hori berri ona da. Saralegi, Erasun eta Ohian Larretxea, esaterako, 20 urteren bueltan dabiltza. Rekondo hortik aurrera doa, baina ez ditu askoz gehiago, eta hori, dudarik gabe, aizkoraren etorkizunerako oso berri ona da, urte gutxi barru beraien artean jokatu beharko baitute txapela. Oraingoz, ordea, betikoek jarraitzen dute nagusi, eta bihar ere gazte horien aurretik amaituko dute, zerbait gertatu ezean, oraindik beteranoak maila oso onean eta goian baitabiltza.
Hirugarren Maila
Aizarnazabalen, berriz, bihar 18.00etatik aurrera jokatuko da Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala. Aurretik kanporaketa jokatuta dago, hiru multzotan banatuta aritu dira aizkolariak, eta bakoitzeko bi onenak elkartuko dira bihar Aizarnazabalen. Finaleko lehen bi sailkatuek datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko txartela lortu ahal izango dute.
Honako hauek lehiatuko dira: Mikel Larrañaga, Jon Irazu, Arkaitz Jauregi, Asier Pellejero, Juanjo Erdozia eta Joxe Antonio Loiarte. Bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Mikel Larrañaga azpeitiarra izan zen kanporaketako onena, eta Irazu bigarrena. Askoren ustez bi horien artean egongo da txapela, baina oso kontuan hartu beharko dira bi beteranoak ere. Erdozia Nafarroako Bigarren Mailan bigarren aterata dator, eta Loiartek ere eskarmentu handia dauka. Jauregi ere azkeneko urteetan hor sartuta dabil, eta jauzia egiteko prest dago. Finalerdietako denborei begiratuta, Pellejerori ikusten zaizkio aukerarik gutxien, baina saiatuko da.