Ana Etxarte | Alternatibako bozeramailea
Palestina 194
Palestinarren borroka baketsuari egin diezaiokegun ekarpena ez da ezinezko ameskeria, ezta herritarren eraginetik kanpo dagoen zerbait ere; udal politikatik egingarria da, eta ezin dugu onartu gure Udalak Veolia bezalako ibilbidea duten enpresak diru publikoarekin saritzea
Jarrera honen aurrean, aitortza honen eskaerak izango dituen alderdi txarrak aipatu dituzten ahots ugari izan dira: izaera isolatua duela, estrategia nagusirik gabekoa; zatikatutako lurraldeetako, legez kanpoko kokalekuetako eta sakabanatutako herri taldeetako statu quo-a zilegi egingo dituen beldurra; nazioarteko ebazpenetan oinarritutako negoziazio egoera batera bueltatzeko baliagarria izango den zalantza; «estatu bakarraren irtenbidea» lagatzea, «bi estatuen konponbidea» sustatuz; Palestinako Estatuaren bideraezintasuna egungo baldintzetan; Palestinako Aginte Nazionalak sakabanatutako pertsonen itzultzeko eskubideari uko egingo dion beldurra...
Neurri handi batean, egitasmoa Osloko Akordioetatik aurrera bakea lortzeko negoziazioek jarraitu duten eskema aldatzeko gai izango ote den asmatzea da gakoa, NBEren ebazpenak «lurraldeak bakearen truke» printzipioarekin ordezkatu zirenean, etengabeko kolonizazio prozesuari erreparatu gabe.
Nazioarteko zuzenbide publikoak argi hitz egin du Palestinaren eta Israelen arteko gatazkan: NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenek israeldarrek 1949ko menian adostutako mugetara atzera egitera eta Palestinako lurraldeetan milioi erdi kolono hartzen dituzten 140tik gora kokalekuak desegitera behartzen dute. «Bake egitasmo» ugarien porrotak Palestinako herriaren batasuna eta eskubide nazionalak ahaztu izanaren ondorio izan dira, bakea okupazio israeldarraren irizpideen arabera eraiki nahi izateagatik. Hala, gaur arte, lurralde eta demografia aldatzeko politikak inposatuz Israelek Palestinako Estatuaren sorrera ekidin izan du, arlo militarrean duen nagusitasuna eta AEBen baldintzarik gabeko babesa baliatuta. Helburu nagusia nazioarteko legezkotasuna baztertzea da; Palestinako agintariak kokalekuak, lurren desjabetzea, harresia eta palestinarren erbesteratzea onartzera behartu nahi dituzte.
Subiranotasunaren aitortza, beraz, ezin da onartu nazioarteko ebazpenak aldarrikatzen jarraitu gabe. Edonola ere, Nazio Batuengana jotzea ez da aski izango ez bada erresistentzia baketsuan oinarritutako estrategiaren eskutik, okupatutako lurraldeetan zein nazioartean, horixe baita, dirudienez, Palestinako Aginte Nazionalari falta zaiona. Argi dago nazioartean lortutako garaipen sinboliko batek ez duela Israelek darabilen apartheid eta bazterkeria politika amaiaraziko. Bestalde, Palestinako Estatua aitortzea ezin da bihurtu gobernuek nazioarteko legeak bete daitezen duten ardura ahazteko aitzakia. Ildo honetatik, gogoratu beharra dugu Espainiak 2,8 milioi euroko arma salmentak onartu zituela Israelentzat.
Realpolitik deritzonaren hipokrisiaren eta Israelgo Estatuak nazioarteko legeei dien mespretxuaren aurrean, Palestinako herriaren eskubideen aldeko borrokaren baliabiderik eragin- korrenetarikoa boikot, desinbertsio eta zigor kanpainan datza. Kanpaina hori, Hegoafrikako apartheid politikaren aurkakoaren ereduari jarraiki, Israelekin kooperazio ekonomikoa, kulturala eta kirol arlokoa etetean datza, estatuetatik zein sektore pribatuetatik, eta arrakasta handiak izan ditu, hala nola, gizateriaren aurkako krimenak edota gerra krimenak egin dituzten arduradun israeldarrak auzipetzea; Israelgo erakundeekin harremana duten unibertsitate zein enpresei eginiko boikotak ere emaitzak izan ditu, bezeroek eginiko presioei men eginez ekoizpen israeldarra kontratatzeari uko egin baitiote.
Gaur egungo boikot kanpainiarik garrantzitsuenetarikoa Frantziako Veolia transnazionalaren aurkakoa da, mendebaldeko Jerusalem ekialdeko eta Zisjordaniako legez kanpoko kokalekuekin lotuko dituen tren azkarra eraikitzeko partzuergoko kide izateagatik, azpiegitura horrek okupazioa hedatuko baitu. Gainera, Veoliak 30 urterako kontratua eskuratu du Zisjordaniako kolonoen kokalekuetarako zabor bilketa eta autobus linea bat kudeatzeko. Jarduera horiek guztiak, Genevako IV. Konbentzioaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutuaren arabera, gerra krimenak laguntzearen pareko dira.
Kanpaina honen harira eginiko protesten ondorioz, transnazionala Londresko Udalak deitutako lehiaketa publiko batetik at utzi dute. Veolia da, hain zuzen ere, Bilboko autobus garraio zerbitzua kudeatzen duen enpresa eta, Udalak, gertaera hauen berri izan arren, entzungor egin die kontratua bertan behera utz dezan orain arte egin zaizkion eskaerei, kontratu publikoetan esleipendun konpainiei ezarritako baldintzen artean giza eskubideak eta nazioarteko legeak betetzea jar dezaten eskaerarekin egin duen bezala.
Beraz, palestinarren borroka baketsuari egin diezaiokegun ekarpena ez da ezinezko ameskeria, ezta herritarren eraginetik kanpo dagoen zerbait ere; udal politikatik egingarria da, ezin dugu onartu gure Udalak Veolia bezalako ibilbidea duten enpresak diru publikoarekin saritzea.