HARRI-ZULATZEA
Kanporaketan egindakoa berretsi egin behar du Oskar Lasok
Bakarkako harri-zulatzaileen finala jokatuko da bihar eguerdian Ortuellan, 13.00etatik aurrera, Otxarkaga parkean.
Jadanik bi kanporaketa jokatu dituzte, eta hango sei onenak elkartuko dira bihar Ortuellan, denetan onena zein den erabakitzeko asmoarekin.
Laso, Pandelo, Gutierrez, Hidalgo, Rufrancos eta Caro dira neurtuko diren sei kirolariak. Oskar Laso izan zen kanporaketetako onena 10 zulo pasa eginda, eta hori erreferentzia bezala hartuta, bera izango da txapela lortzeko faborito nagusia.
Lokotxak
Aizarnazabalen bihar, 18.00etatik aurrera jokatuko den jaialdian, aizkolariez gain, Euskal Herriko lokotx-biltzeko txapelduna ere erabakiko da. Ibañez, Alegria, Alvarez de Eulate, Garmendia, Larrañaga, Etxegarai eta Lasaga arituko dira. Kirolari bakoitzak ilara bikoitzean kokatutako 50 lokotx bildu beharko ditu. Lokotx bikoitzen tartea 1,25 metrokoa izango da. Fernando Etxegarai da egungo txapelduna, eta aurten ere faboritoetako bat izango da Lasagarekin eta Garmendiarekin batera, nahiz eta Larrañaga bera ere ezin den bazterrean utzi. Badirudi Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko lehia izango dela.
Trontza
Nafarroako emakumezkoen finala jokatuko da gaur Igantzin, 18.00etatik aurrera. Nerea Sorondok eta Amaia Garciak, Ana Lopezen eta Itziar Nuñezen aurka neurtuko dituzte indarrak. Berakoak eta Lezaungoak izango dira elkarren aurka lehian.
Bikote bakoitzak 10 epai egin beharko ditu, etzanda jarritako 45 ontzako enborrean. Aipaturiko bi bikoek Euskadiko Txapelketakoa izan zuten orain arteko azken jarduna, irailaren 3an, Donostian, eta Nerea Sorondo eta Amaia Garcia txapeldunorde izan ziren eta eta Ana Lopez eta Itziar Nuñez bikoa hirugarren postuan sailkatu zen. Jaialdia osatzeko Inaxio eta Iñaki Perurena arituko dira.