Sega | Nazioarteko era
Euskaldunak eta alemaniarrak elkarren aurka arituko dira Azpeitian, Kilometroak jaialdiaren barruan
Bihar Azpeitira, Kilometroak ospatzera joaten diren guztiek, nazioarteko segalaritzaz ere gozatzeko parada izango dute, euskaldunak eta alemaniarrak bertan arituko baitira lanean. Ekitaldia 13.30ean hasiko da eta lehen gunean izango da, Ikasberri ikastolako gunean.
Hasteko, gizonezkoen neurketa izango da, Euskal Herriaren eta Alemaniaren artean. Gabirondo eta Mitxelena Heinzen eta Schmidten aurka neurtuko dira. 400 metro karratuko saila nork azkarrago eta txukunago moztu lehiatuko dira.
Bigarren ekitaldian, nahasian arituko dira euskaldunak eta alemaniarrak. Urkiola eta Scheib Agirrezabalaren eta Kublerren aurka lehiatuko dira txanda librean. Hauek ere 400 metro karratuko saila ahalik eta azkarren eta txukunen mozten saiatu beharko dute, nazioarteko eran ez baitu azkar mozteak bakarrik balio, txukun ere ebaki behar izaten baita belarra, zigorrik jaso nahi ez baldin bada.
Hirugarren ekitaldian emakumezkoek buruz burukoa jokatuko dute. Alazne Etxaburua Melanie Scheiben aurka neurtuko da. Proba honetan bakoitzak 100 metro karratuko saila ebaki beharko du, eta hemen ere, aurrekoetan bezalaxe, ahalik eta azkarren eta txukunen moztu beharko dute jarritako saila.
Azkenik, gaztetxoak ikusi ahal izango dira. Beraiek izango dira etorkizuneko segalariak, eta lan ona egiten saiatuko dira. Maila honetan euskaldunak bakarrik arituko dira deman. Unai Mitxelena, Aitor Insausti eta Aimar Garmendia izango dira parte hartuko duten kirolariak. Bakoitzak 50 metro karratuko saila izango du ebakitzeko.
Ekitaldi honekin, aurtengoz amaitutzat emango da segalarien denboraldia, maiatzean hasi eta urriaren hasierara bitarte iraun duen sasoia. Betiko segalaritzak, nazioarteko segalaritzari ere tartea utzi dio, eta orain zaleek bi era ezberdin ikusteko aukera dute, baita atzerritarrak ere, ohikoak bihurtu baitira Euskal Herrian.