Kataluniako Osasungintzako gatazka, boteretsuen aldeko kudeaketaren adibide argia
Kataluniako Gobernuak egindako murrizketen ondorioz gero eta nabariago da bertako gizarte gatazka. Osasungintzaren egoera bereziki larria da, eta egunotan osasun-langileek burutu dituzten mobilizazioei urrirako iragarri dituzten grebak gehitu behar zaizkie. Badute hartarako motiborik, langileek eta herritar guztiek, langileen baldintzak ez ezik, zerbitzuak ere gero eta eskasagoak baitira. Generalitateko presidente Artur Masek esan zuenez, murrizketa horiek guztiak beharrezkoak dira ongizate-estatua babesteko. Ulertezina da, ordea, ongizate-estatu ezin ahulago bat babestea, ongizate-estatu hori hondatuz.
Egoera hori krisiaren kudeaketa boteretsuen esanetara egitearen adibide da. Katalunian bezala, Estatu osoan, haren eragina langileek, langabeek, pentsiodunek... herritar gehienek pairatzen dute, eta administrazioek herritar horientzako laguntzak areagotu beharrean, murriztu egiten dituzte, baita oinarrizko zerbitzu publikoak ere. Horregatik, Kataluniako osasun-langileen mobilizazioak, Nafarroako Hezkuntzakoenak bezala, ulergarriak ez ezik, beharrezkoak ere badira eta herritarren sostengua merezi dute, haiek ere pairatzen baitituzte murrizketen ondorioak.