Europako Auzitegira joko du DNA laginak emateari uko egin zion Aizager laborariak
Kasazio Auzitegiak ez du aintzat hartu Jean-Mixel Aizagerren helegitea. DNA laginak emateari uko egiteagatik 500 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen Baionakoak. Praktika horrek «oinarrizko askatasuna» urratzen duelakoan Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko du.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Aspaldi hasitako auzitegietako joan-etorriak ez dira amaitu Jean-Mixel Aizagerrentzat. Kako baserriaren gorabeheretan, 2008ko urtarrilean Jendarmeriaren eta manifestarien artean izandako istiluen harira kondenatua izan ostean, DNA lagina emateari uko egin zion Ortzaizeko laborariak.
Hilabete batzuk geroago, atxilotu egin zuten DNA laginak hartzeko. ELB sindikatuko kideak, ordea, errefusatu egin zuen berriz. Bere lagin fisikoak ematera behartzea «ondare pertsonalaren bortxaketa» bat zela argudiatu zuen FNAEG fitxategian bere izenak eta datuak sartzeko aginduari uko egiteko.
Alta, prozedura administratiboak aurrera jarraitu zuen, eta 2009ko irailean epaitua izan zen. Baionako Auzitegiak 500 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen. Aizagerrek ez zuen amore eman, eta zigorra «oso gogorra» ez zela onartuta ere, bere aurkakoa ez ezik, «askatasunen printzipioen aurkakoa» ere badelakoan, helegitea jarri zuen.
Lehen helegitea
Joan den otsailaren 3an, ordea, Paueko Auzitegiak ez zuen nekazariaren lehen errekurtsoa ontzat eman, eta Baionakoak ebatzitako zigorra berretsi egin zuen.
Hurrengo urratsa Kasazio Auzitegira jotzea izan zen, eta, hain zuzen ere, herenegun ezagutu da bertako epaileek ere ez diotela arrazoirik eman.
Haren abokatu Anne-Marie Mendibourek jakinarazi du ez dutela, haatik, borroka amaitutzat eman. «Ebazpena gure aldekoa izatea espero genuen, baina ez da hala izan. Hala guztiz ere, aurrera egiteko gure asmoak oso-osorik segitzen du», esan du, Europako Giza-Eskubideen Auzitegira jotzeko aukera geratzen zaiela gaineratuta.
Fitxategi zabala
Hasiera batean aztarna genetikoak jasotzen dituen FNAEG fitxategia soilik sexu delituetan zerikusia zutenentzat sortu zen, baina gerora zabalduz joan da. Egun, finantza delitu eta iruzurrak kenduta, ehundik gora delitu motetan nahastuak direnak ere bertan sartzen dituzte, baita atxilotuak izan ostean, auzipetuak izan ez badira ere.
ELB bere sindikatuarena ez ezik, elkartasun adierazpen asko jaso zituen Aizagerrek. Oldartu kolektiboak ere ekimenak antolatu zituen epaiketaren harira, tartean, oso mahai-inguru jendetsu bat Baionan.