CAMBIO ESTRATÉGICO EN LA IZQUIERDA ABERTZALE
«Etortzeko dauden erronkak oraindik potoloagoak dira eta herriak irabazi behar du»
GARAk elkarrizketatu dituen Ekin-en azken zuzendaritzako bi kideek ez dute zalantza izpirik uzten: «Hemen bukatzen da Ekin, hauxe bera da bere azken ekimena». Bere siglak egun hauetan ikus daitezke oraindik kalean, Gudari Eguna dela-eta horma askotan kokatutako afixetan, baina antolakundeak bere ibilbidea amaitutzat jo du dagoeneko. Balantzea egiteko ordua da, baina batez ere etorkizunari begira jartzekoa, biek nabarmentzen dutenez; gertatutako hainbat pasarteri so gelditzea baino, aurrean dagoen erronkari begira indarra biltzea lehenesten dute.
Pasa den uztailetik jende artean ezaguna zen Ekinen barruan hausnarketa abiatua zela. Orain, Gudari Eguneko hainbat ekitalditan eman da erabakiaren berri. Zertan laburbiltzen da eta zer nabarmenduko zenukete?
Ekin antolakundea desegitea da Ekin-ek berak hartu duen erabakia. Mezu argi batekin egiten dugu: gure aktibo guztia ezker abertzalearen apustu politikoaren alde kokatuko dugu. Hau da, gure tresna baliogabetzen dugu, baina koadro eta militante kualifikatuak ditugu, eta dauden eta sortuko diren tresna eta erakunde berrietan inplikatzera animatzen ditugu. Gure militanteen kapital politikoa zein giza kapitala aldarrikatzen ditugu, dudarik gabe. Ezker abertzalearen ildoarekin bat egiten dugu eta gure onena jarriko dugu horren mesedetan. Historian zehar askapen prozesuan tresna pilo bat sortu eta desagertu dira, baina aurrera goaz.
Zergatik abiatu zen hausnarketa zehazki, eta zein testinguruan eman da?
Ezker abertzalearen estrategia aldaketa da testingurua, noski. Ekin-en sorrerari erreparatzen badiogu, antolakundea ere estrategia aldaketa baten ondorio izan zen: 90. hamarkadaren bukaeran estrategia negoziatzailearen agorpena eta indar metaketaren beharra nabarmentzen ziren eta tresnak horretara egokitu ziren.
Oraingo hau, ETAren sorreratik hona ezker abertzalearen barruan emandako aldaketa handiena dela ikusten dugu. Historian zehar beste batzuk izan dira: 1992koa, 1996koa, aldaketa taktikoak ere bai... baina agian ez oraingo hau bezain handiak. Azken finean, beraz, Ekin aldaketa baten fruitua izan bazen, aldaketa handiagoa ematen denean ere zentzuzkoa zen hausnarketa egitea.
Denbora berriak antolakunde berriak behar dituela uste duzue, beraz?
Bistan da ezker abertzaleak sindikatu bat behar duela, horretaz ez dago dudarik, LAB kasu honetan. Politika egiteko antolakunde bat ere beharko du, noski. Eta gazte erakunde bat, jakina. «Etxe» gehiago behar al ditu? Aztertu beharko da, eraginkortasuna lortze aldera. Guk astia genuen eta hausnarketa hau nolabait aurreratu dugu. «Obsoleto gelditu ote da Ekin?» «Beharrezko ote da?» izan dira geure buruari egindako galderetako batzuk.
Bere garaian etxe bat sortu genuen, funtzio batzuetarako, eta gure ustez ondo egin dugu lana. Baldintza batzuk sortu dira urte hauetan. Eraikuntza nazionalean aurrera egin dugu eta gaur da eguna EAJk ere hortaz hitz egiten duela, orain entzun dugunez. Dinamizazio lana egin dugu, herriz herri, anitza. Oso baliogarria izan da Ekin egungo markoaren agorpena agerian uzteko, edota hemen arazoa ez dela bakarrik borroka armatua izan, herriaren ukapena baizik, islatzeko. Eskuz esku egin dugu, jende askorekin. Lan kolektibo baten emaitza da oraingo egoera, herri baten ariketa kolektiboaren emaitza. Eta orain eraikuntza prozesu hori bururaino eramateko ordua da. Hor lotura garbia dago.
Ekin jaio zenean publikoak ziren bere agerraldiak, baina orain hori guztiz ezinezkoa litzateke. Errepresioak eragin zuzena izan du erabaki honetan?
Batere ez. Ez dugu ukatuko antolakundea bortizki kolpatua izan dela; txakurrak lepoaren gainean izan ditugu beti, baina Ekin-ek bere lana ez du inoiz gelditu. Zuzendaritza taldea izan du beti, eta bere erabaki estrategikoak lasaitasunez hartu ditu bere kideak atxilotzen zituzten testinguru batean.
Ezker abertzalearen apustu politiko berriaz zein da zuen iritzi zehatza?
Gertakari zehatzen gainean ez dugu iritzirik ematen, zentzu estrategikoan doa gure balorazioa. Argi dugu astindu izugarria eman diola panorama politikoari. Fase berri baten oinarriak ari dira finkatzen, eta oraingo erronka potoloa bada, etortzeko daudenak oraindik potoloagoak izango direla diogu. Hor herriak irabazi behar du, herriarekin irabazi behar dugu, eta urte luzeetan egin beharreko ariketa izango da hau. Borrokak sortutako aukeren gainean, iparrorratza hor jarri dugu, independentzia eta sozialismoa bultzatzeko.
Abertzaleen arteko elkarlana eskatzen du apustu horrek. Zailtasun edo oztopo berezirik dute horretarako Ekin-eko kide izandakoek? Izan ere, talka ugari gertatu da azken hamarkada hauetan.
Ez, apustuak ezinbestean hori eskatzen duen neurrian: parean izan ohi dituzun batzuk orain ondoan izatea. Horretara goaz eta hori nahi dugu, eta modu naturalean bultzatu behar dela uste dugu, ez horiekin bakarrik, herritar guztiekin baizik. Elkarlana eraginkorra izatea da koxka.
Orain arte Ekin erreferentziatzat jo duten militante guztiei zer esaten diezue?
Horiei eta guztiei: inoiz baino gehiago inplikatzeko ordua da, inoiz baino gehiago antolatzeko, eztabaidetan parte hartzeko... Urteotako borrokak eta ekarpen militanteak ekarri gaitu hona, eta etorkizuna ere horrela eraikiko dugu: lan kohesionatuaren bidez eta konpromiso maila altua emanez.