Lizeaga Sagardotegiak irabazi du Kizkia taldeak antolatutako lehiaketa
GARA | DONOSTIA
Hamabigarrengoz, Gipuzkoako sagardogileen ekoizpenak neurtzeko lehiaketa abiatu zuen Astigarragako Kizkia taldeak hilaren erdialdean. Azkenean, Lizeaga, Alorrenea eta Rezola sagardogileak izan dira irabazleak, lehenengo, bigarren eta hirugarren postuak eskuratuz, hurrenez hurren. Finalera halaber, Gaztañaga, Petritegi eta Zabala ere heldu ziren.
Aurten hogei sagardoen artean hiru kanporaketa egin dituzte, lehena hilaren 7an.
1998an hamar sagardozale porrokatuz osatutako lagun taldea inguruko sagardotegien itzulia egiten hasi zen eta duela hamaika urte, mama horiari buruz pilatutako ezagutza baliatuz jauzi kualitatiboa ematea deliberatu ostean, Kizkia taldea eratu zuten. Hor sortu zen txotx garaian bisitatutako sagardotegi guztien arteko sagardo lehiaketa egiteko ideia.
Geroztik, txapelketaren «seriotasun eta egiazkotasun kutsua» emendatze aldera, antolakuntzan urrats nabarmenak egin ditu taldeak.