Bazkalondoko ipuinak idatzi ditu Txilikuk
Badira liburuak atrilean irakurtzekoak, edo mahaian jarrita. Batzuk gau-mahaian egoten dira eta bertzeak poltsan, gero autobusean irekitzeko. J. M. Olaizola «Txiliku»ren «Bizien gaubeilan» liburua osatzen duten ipuin edo narrazioak egutegiaren gibelean jar litezke.
Maider IANTZI | DONOSTIA
«Familian edo lagunartean bazkari edo afari bat egitean kontatzen diren ipuinak idatzi ditut», adierazi zuen J.M. Olaizolak atzo Elkar megadendan egindako aurkezpenean. Etxekoei, Txilikun elkartzen diren «klaneko» guztiei eskaini die liburu berria. Bertako 23 ipuinak hagitz desberdinak dira, batzuk pasadizoak, bertzeak narrazio txikiak, baina badute lotura bat: narratzailearen hurbiltasuna. Aitzineko lanen aldean, samurragoak ere badira eta sentimenduek hartzen dute indarra.
Izenburua, «Bizien gaubeilan», azkeneko ipuinari dagokio, eta okerreko bidetik joan dela susmatzen den zerbaiten zain dagoenaren sentimendua islatzen du. «Gaubeilak hildakoari egiten zitzaizkion -ekarri zuen gogora Zarauzko idazleak-. Bizien gaubeila, biziei (adiskideari, seme-alabei edo dena delakoari) egiten zaiena da, pertsona horiek noiz etorriko zain-zain geratzen garenean egiten dena. Horrelakoetan sentitzen den ziurgabetasunari, zalantzari, bihotzeko zimiko horri egiten dio aipamen izenburuak».
Baina Txilikuk argitu zuenez, istorio guztiak ez dira halakoak. Gertatzen diren edo kontatzen diren gauzei buruzkoak dira. Zenbaitek kondaira eta mitologiako kontakizunen antza dute. Ahozko eta idatzizko literatura bereizi ohi dira; liburu honek, ordea, idatzizkoa izan arren, anitz du ahozkotik. Twitter, facebook eta sare sozialetan erabiltzen den hizkeratik, literaturaz betetako kantuetatik edo lagun batek bertze lagun bati kontatzen dizkion kontuetatik.
Haur, gazte zein helduen literaturan lan oparoa egina duen sortzaile honek transmisioaren garrantzia nabarmendu zuen, eta honen barrenean, familian eta lagunartean kontatzen diren istorioek duten papera. «Familia tradizionalaren desegite-garai honetan, klana dugu (edo izan daiteke, bederen) gure geneen eta kulturaren transmisiorako unitate eta ernamuina».
Aberatsa eta atsegina
Istorio ugari lehenbiziko pertsonan idatzi ditu eta horrek sekulako indarra ematen die. «Iruzur txiki bat da, entzun dugun zerbait guri gertatu izan balitzaigu bezala kontatzea. Gauza batzuk niri gertatuak dira, baina ez liburuan agertzen den neurrian. Beste asko moldatuak dira, anekdotak, gertakizunak edo bizitzaren aurreko oso hurbileko sentimenduak».
Hau guztia, Antxiñe Mendizabal editoreak azaldu bezala, «oso ondo, dotore eta hizkuntza aberats eta atseginez» idatzia.
Liburua osatzen duten 23 ipuinak hagitz ezberdinak dira; denek dute lotura bat, ordea: narratzailearen hurbiltasuna. Aitzineko lanen aldean, samurragoak ere badira.