Hamaika Telebistaren Gipuzkoako emisioa dialeko 11. zenbakian zabaltzen du Euskaltelek
M. LARRINAGA | ANDOAIN
Hamaika Telebistak eta Euskaltelek beste aurrerapauso bat eman dute Hamaikaren Gipuzkoako emisioa herrialdean zabaltzeko. Izan ere, atzotik, Gipuzkoako Donostialdea (Donostia, Astigarraga, Urnieta, Hernani, Andoain, Lasarte eta Usurbilek osatzen dutena), Debabarrena (Ermua, Eibar, Elgoibar, Soraluze, Mendaro, Deba eta Mutriku) eta Oarso-Txingudi (Pasaia, Lezo, Oiartzun, Errenteria, Hondarribia eta Irun) barrutietan Euskaltel zuntz optikoa duten bezeroek dialeko 11. zenbakian topatuko dute telebista. Bestalde, Bizkaian edo Araban Hamaika Telebistaren Gipuzkoako emisioa ikusi nahi duten bezeroek dialeko 931. zenbakian topatuko dute.
«Oso toki ona da hamaikagarren diala, jendeak erraz topatuko du eta. Gainera, horrek, jauzi handi bat emanaraziko dio Hamaikari Gipuzkoan», azaldu zuen atzoko prentsa agerraldian Iñaki Uriak, Hamaika Telebistako zuzendariak.
Euskalteleko Marketin zuzendariak, Koldo Unanuek, azaldu zuenez, dialaren banaketa erabakitzean tokiko telebistei garrantzi berezia ematen diote eta are gehiago euskarazko hedabideak baldin badira. Hala, ETB telebistaren lehen katea lehen zenbakian kokatzen du Euskaltelek beti, eta gainerako plataformek zenbaki horretatik gora edo behera kokatzen dituzte tokian tokiko telebistak.
Hamaika Telebistak Gipuzkoan bertan ekoitzitakoak diren «Hamaikakoa», «Esatea Libre» eta «Hurbilean» saioak eskaintzen ditu, programazio orokorraz gain, «Bat eta Bat» saioa esaterako. Orain, Euskaltelen laguntzarekin, Gipuzkoan ez ezik, Bizkaian eta Araban ere ikusi ahal dituzte saio hauek.
«Hamaikakoa» saioa astelehen iluntzean izaten da. Reala eta Gipuzkoako futbola oinarri duen kirol saioa da. Inaxio Esnaolak aurkezten du, eta txuri-urdinei buruzko euskarazko programa berezi bakarra da.
Asteazkenetan, 22.00etan, «Esatea libre» saioa da protagonista. Itxaso Martinek gidatzen duen saioan gaurkotasuneko gai politiko zein sozialak aztertzeko mahai-ingurua egiten dute. Eta ostegunetan, 22.00etan, «Hurbilean» saioak Euskal Herriko pertsonaia ezagunei egindako elkarrizketak ematen ditu.