GARA > Idatzia > Kultura

«Hostoak» emankizunak Mauleko ikusleria ase ez ezik, aztarna sakona utzi du

A. MANTEROLA | MAULE

Aldez aurretik arrakasta ziurtatua zutela jakiteko ez da aztia izan beharrik. Izan ere, antolatzailea bera -Mauleko Herriko Etxea- zur eta lur zegoen, inoiz ez bezala egun batzuk lehenago sarrera guztiak salduta zituelako. Gainera, eskaera asko ase ezinik, jende ugari geratu zen Hostoak emanaldia ikus ezinik.

Lehen unetik nabaria zen Jai Alai frontoia bete zuen ikusleria irrikitan zegoela, ikuskizuna hasi orduko txalo zaparradek ez baitzuten etenik izan. Amaren Alabak taldeko kideak zuberotarrak izateak zerikusia izan zuen harrera horretan, jakina.

Sei neska abeslarien zein Kukai taldeko dantzari eta Oreka TXeko musikarien lan bikainak merezimenduak guztien artean partekatzera behartu zituen.

Ikusle zuberotarrak berehala inplikatu ziren eta giroa berotzen joan zen. Pasarte aipagarri asko izan ziren, tartean, Aragoiko nekazarien bizitzari buruzko kanta abestu zutenekoa edota txalaparta eta perkusiozko tresnen doinuak saxofoi eta bandurriarekin borobildu ziren uneak, dantzariei beren dotorezia eta talentua erakusteko parada ezin hobea ematen zietenak.

Hiru esparruak -musika, kantua eta dantza- batzen zirelarik, frontoia sutan zegoela zirudien. «Xiberoa fandangoa» pieza izugarria izan zen, baita oholtza gainekoek ordainetan jaso zuten txalo-zaparrada ere.

Bide luzea

Larunbateko emankizunarekin Euskal Herriko hiriburuen erronda amaitu zuten. Ez, ordea, emankizunak. «Hostoak» ikuskizunak bide luzea du oraindik. Deban, Bartzelonan eta Hendaian eskainiko dute datozen asteetan. Zuberoan utzi duen aztarna parekatzeko beste horrenbeste aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo