GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Israelek, ofentsiba diplomatikoari helduta ere, zaila du bere isolamendua haustea

Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa idazkari Leon Panetta Israelen da, bertako Gobernuari bere sostengua erakutsi nahian, baina arazo handia dute sostengu hori -Tel Avivek sekula falta izan ez duena- nola gauza litekeen asmatzea Israel gero eta isolatuago dagoen honetan. AEBen sostengua Bakerako Laukoteak (Errusia, Europar Batasuna, NBE eta AEBek berek) proposatutako ildotik abiatzeko laguntza da, ofentsiba diplomatikoari heltzea, alegia. Hala ere, Israelek palestinarrekiko negoziazioak ohiko elkarrizketa antzuetara mugatu nahi baditu, bide horrek ez du nonbait etorkizun luzerik. Israelek kontuan izan beharko luke, Panettak adierazi zuenez, eta haren bisitak berak agerian uzten duenez, bere egoera ez dela batere ona, eta eskualdeko testuinguruaren aldaketak zerikusi handia duela egoera horrekin. Egipto jada ez da oraintsu arte bezala Israelen esanetara zegoen morroia, eta Turkia ere ez da garai bateko aliatua, nazioarteko diplomazian iritsi duen estatusa neurri batean Palestinako gatazkaren aurrean hartu duen jarrerari zor dio-eta. Horiek horrela, botere militarra eta segurtasuna indartzea baino zerbait gehiago beharko du Tel Avivek bere egoerak hobera egin dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo