GARA > Idatzia > Kultura

Euskal eta galiziar kulturen arteko zubi lana egingo du Durangoko Azokak

Kultura galegoa izango du gonbidatu aurten abenduaren 4tik 8ra ospatuko den Durangoko Azokaren 46. edizioak. Lehiaketa bidez aukeratutako kartel iragarlea ere atzo aurkeztu zuten. Cristobal Aguilo valentziarraren lana da eta binilozko disko muxarratu baten bidez, disko eta liburuen presentzia azpimarratu nahi izan du.

p041_f01_203x120.jpg

Ane ARRUTI | DURANGO

Uda giro honekin horrelakorik pentsatzea zail egiten zaigun arren, hasi da abendu hasieran ospatuko den Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako atzera kontaketa eta 46. edizio hau iragarriko duen kartela eta kultur gonbidatua atzo eman zituen ezagutzera Gerediaga elkarteak.

Izan ere, urtero gonbidatu berezi bat izaten du Azokak eta aurtengoa kultura galegoa izango dela azaldu zuen atzo Jon Irazabal zuzendariak. «Culturgal elkartearekin elkarlanean, sortzaile euskaldunek eta galegoek elkarrekin parte hartuko duten ekimenak sustatuko dira», azaldu zuen. «Ez dugu ekintza puntual edo anekdotikoak izatea nahi. Zubi lana egiten eta sinergia horiek aprobetxatzen saiatuko gara, euskaldunen eta galegoen arteko harremanak sendotzeko».

Culturgal elkarteak Galiziako kultur industriari eskainitako azoka antolatzen du urtero eta aurten abenduaren 2tik 4ra egingo dute Pontevedran. Hango azken egunak Durangoko lehenengoarekin bat egingo du, beraz.

Biniloa oinarri

Abenduaren 4tik 8ra Landako Gunean izango den euskal kulturaren urteroko hitzordu garrantzitsu honen irudia izateko, bestalde, guztira 28 lan aurkeztu dira aurten eta, horien artean, Cristobal Aguilo Dominguez, Murtzian bizi den valentziarraren irudia izan da aukeratu dutena. Atzo azaldu zuenez, azoka honen funtsezko ezaugarri diren bi elementu nagusiak uztartzen saiatu da; liburua eta diskoa. Horretarako, binilozko diskoa hartu du oinarri eta beltz eta gris koloreak erabili ditu.

«Interneten diskoen bila hasi nintzenean, ebakitako edo muxarratutako disko hauekin egin nuen topo eta hor ikusi nuen liburua sartzeko aukera», azaldu zuen Aguilo diseinatzaileak. Irudian, pertsona bat ageri da, liburu bat eskutan duela.

Lehiaketara aurkeztu diren gainerako kartelak www.durangokoazoka.com atarian daude ikusgai, bestelako gainerako informazioez gain.

Gatazka existentzialek jaso dute augustin zubikarai saria

Itxaso Araque idazle donostiarraren proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan dena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Iaz, bekaren lehen deialdian, Joxean Agirreren proiektu batek irabazi zuen saria, eta bihar aurkeztuko da jendaurrean laguntza honi esker idatzitako eleberria: «Zwei Frauen» («Bi emakume»). Aurten, berriz, dozena bat lan aurkeztu dira, eta horien artean Araqueren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.

«Damutzen ez direnak» du izena donostiarraren proiektuak. Bertan hiru istorio kontatzen dira eta bakoitzak protagonista bat du eta hiri jakin batean gertatzen da: Stuart (Londres), Naroa (Bartzelona) eta Andreas (Berlin). 30 urteen bueltan dabiltza hirurak eta oso historia, ezaugarri eta izaera desberdinak dituzten arren, antzeko ataka batean aurkitzen dira: beren lehengo printzipio idealisten eta nahita edo nahi gabe eraikiz joan diren bizimoduaren arteko talka, izan nahi ez zuten hura izatearen onarpena edo ukoa.

Araque 1988an jaio zen Donostian. Itzulpengintza ikasi zuen Gasteizen. Master bat egin zuen Londresen, eta frantses irakaslea da bertan, Bigarren Hezkuntzako institutu batean. Hauxe izango du argitaratuko duen lehen liburua. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo