GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mariano Mendizabal

Jai arrotzak

Hispanitatearen harira hainbat puntu aztertu nahiko nituzke. Alde batetik, egun arrotza dela denok dakigu, baina honen gainetik jai egun bat da askorentzat. Espainiarren harrotasun eguna, baina honen gainetik jai egun bat. Espainiaren inperialismoaren efemeride garrantzitsua, baina honen gainetik jai eguna. Kristobal Kolonek Ameriketan bere bandera astindu eta bereganatu zuen eguna, baina honen gainetik, jai eguna. Sarraski eta inposaketen eguna, baina jai eguna.

Abertzaletasun espainiarraren aurrean garrantzitsua da euskal abertzaleok jai egun honi alternatibak bilatu eta intsumisiorantz urratsak egitea (nahi duenak noski). Jakina da enpresa handietan langileriak askotan ezin duela honen aurrean deus egin. Beste kasu batzuetan, aldiz, udalek, hainbat elkartek, aukera dutenek... zergatik ez dute lan egun deklaratzen? Zergatik udal abertzaleek eta aldaketa nahi dutenek jai egiten dute? Egin dezaketenek eta euskal egutegia aldarrikatzen dutenek zergatik egiten dute jai? Badakit, jaia jaia da eta kito. Uztailaren 18a jai eguna balitz, eta hala inposatuko baligute, jai egingo genuke? Zergatik ez, jaia jaia da eta kito. Argi dago batzuei ez zaiela axola.

Mobilizazioak ere ugariak izan dira, IAk antolatzen dituen herri eskolak kasu. Alternatiba ona ikasleentzat egun arrotzei aurre egiteko. Independentistak sareak hartu duen testigua ere pozgarria da, martxa berdea eta burrunbada irits zedila Madrileraino, euskaldunok ez baitugu jai egun arrotzik nahi. Euskal Herrian mobilizazioetara ohituta gauden honetan, arrakastatsua. Baina ez al dugu hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua? Errealitate txikiak gauzatzeko ordua? Herritarrok aldaketak gauzatu ditzakegula sinisteko eguna da, gure ordua da! Zergatik egiten dugu jai, lan egiteko aukera dagoenean? Bakoitzak ikusiko du zer egiten duen, baina espero dut pertsona horien (eta asko dira) kontzientzia lasai ez egotea, bestela jai dugu. Patxi Lopezen Gobernuak ezarritako Estatutu eguna ere hor dugu, jai egingo dugu? Ba zergatik ez? Haserretzen naute jarrera hauek, begi bistakoa den moduan. Jai egun arrotzei ez! Inperialismoari ez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo