GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Urtzi Aizpuru Mugaguren | Porrontxo Jaietako Batzordearen izenean

Porrontxoak, familia handia

Soseguz egin nahi izan dugu Egiako Porrontxo jaien aurtengo balorazioa; lehen egunetako euforia saihestu. Baina hilabete pasata ere, irailaren 19an bezain baikor begiratzen diogu uztari: mundialak izan dira, jai parte-hartzaileen paradigma aparta.

Euria nola, hala izan dugu jendea Porrontxoetan: barra-barra. Gauez adina egunez, gainera. Aurten ahalegin berezia egin dugu eguneko egitaraua indartzeko, eta aurrekari polita ezarri dugula uste dugu. Porrontxo jaiak ez baitira gautxorientzako aitzakia hutsa. Porrontxo jaiak dira Txan Magoarekin flipatzen duen haurra, herri-minez kuadrillen bazkarirako urtero etortzen den egiatar deserriratua, larunbat goizean jotak entzuteko amorratzen dagoen amona, lehiaketarako pintxoak mimoz prestatzen dituen tabernaria...

Familia handia baikara. Ez alferrik, Porrontxo jaiek «guraso» mordoxka baten eskutik helduta egin zituzten lehen urratsak, duela 30 urte, eta makina bat osaba-izeba, iloba, biloba... atera zaizkio orduz geroztik, hura babesteko zein une txarrenetan suspertzeko, beti pronto. Familia hori osatzen dugun/duzuen guztioi, bihotz-bihotzez, eskerrik beroenak eta zorionik sutsuenak.

Inoiz baino ozenago, esan dezagun: gora Porrontxo jaiak! Gora jai herrikoiak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo