GARA > Idatzia > Euskal Herria

Egitarau zabal eta anitza izanen dute zain bihar Tafallan Nafarroa Oinez jaira joaten direnek

GARA | TAFALLA

Dena prest dute Tafallan bihar Nafarroa Oinez ospatzeko. 5,2 kilometroko ibilbidean egitarau apartaz gozatzeko aukera izanen dute, beraz, bertaratzen direnek.

Tafallako Garces de los Fayos ikastola da aurtengo antolatzailea, eta hirugarren aldiz egokitu zaio ardura hori. Biharko festan jasotzen den dirua Tafallan DBH euskaraz eskaini ahal izateko eraikin bat egiteko erabiliko dute.

Ibilbidean zehar bost gune antolatu dituzte; Sutxu, Gerinda, Alaitz, Basagatz eta Buskil izenekoak. Lehenengo gunean, La Tafallesa Musika Banda (10.00), Gaita Brass (11.15), Demode Quartet (12.15), Sonora Sonera (13.30), Fermin Balentzia eta Erramun Martikorena (14.45), Oskorri (16.00), Patxi Perez ta Konpainia (17.15) eta tailerrak eta puzgarriak (egun osoan zehar) izanen dira.

Bigarren gunean, ikastolako dantzariak eta erraldoiak (10.00), Tafallako Musika Eskola (11.00), Toni la Sal txotxongiloak (12.00), Motxila 21 (13.00), Txutxin Ibañez eta bere mariatxia (14.00), Alkora (15.00), Deierriko gaitariak eta Garesko txaranga (16.15), Dantzateke (17.00) eta Torikawa (17.30) arituko dira.

Hirugarren gunean, berriz, Deskankis (10.00), El Txandrio (10.45), Kerasy (11.45), Xutik (12.45), NX Proiektua (13.45), The Kluba (14.45), Gatillazo (16.00) eta Trikidantz (17.15) izanen dira.

Laugarrenean, ondorengoak arituko dira: Zartako-K (10.00), Orangutan Swimming (10.45), Radio Plebe (11.45), Stupenda Jones (12.45), Zopilotes Txirriaos (13.45), Trikizio (14.45), Bizardunak (16.00) eta Hesian (17.15).

Bosgarren gunean, berriz, Armendariz jotariak (10.00), Indocumentados (10.45), Iparfolk (11.45), Aintzina (12.45), Os fillos de Breogan eta Lusquefusque (13.45), Xabi San Sebastian eta Ospela Banda (14.45), Pepe Vaamonde Grupo (16.00) eta Miel Otxin (17.15) izanen dira.

Horrez gain, 2-B gunean Irrien Lagunak izanen dira tailer eta puzgarriekin egun osoan zehar.

Bazkaltzeko paella erraldoia prestatuko dute bosgarren gunean, Ferialeko pabilioian, eta sagardotegia egongo da bigarrenean, kiroldegian. Txartelak jantoki bakoitzaren sarreran egongo dira salgai goiz osoan.

Trenez eta autobusez

Autoz heltzen direnentzako aparkaleku bereziak izanen diren arren, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzera dei egin dute. Kontuan izan behar da tren zerbitzu bereziak abiatuko direla Irun, Gasteiz, Tutera eta Iruñetik Tafallako geltokiraino -ibilbidetik oso gertu dago berau-. Autobusek ere aparkaleku bereziak izanen dituzte. Zangoza, Tutera, Lizarra eta Iruñetik hel daiteke Tafallara eta errepide horietatik iristen direnek ibilgailua uzteko gune propio bat izanen dute.

Horrekin batera, antolatzaileek edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeak duen garrantzia nabarmendu dute. Ingurumenari ahalik eta kalte txikiena egiteaz gain, edalontziekin biltzen den dirua Plano mendian Oinez basoa landatzeko erabiliko da. Edalontzia euro baten truke eskuratu ahalko da. 6.700 zuhaitz landatzeko asmoa dute antolatzaileek, iaz Arbizun landatu ziren 5.200 zuhaitzen marka gaindituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo