GARA > Idatzia > Kultura

Hiru abesbatzaren topaketarekin, nazioarteko lehiaketarako giroa berotzen hasiko da gaur Tolosan

Urriaren 29tik azaroaren 1era 43. Tolosako Abesbatza Lehiaketa egingo dute, abesteko tradizioa garatu, ezagutarazi eta partekatzeko. Giroa sortzen hasia da dagoeneko eta gaur hiru abesbatzak kantatuko dute.

p046_f02.jpg

GARA | TOLOSA

Tolosa kantuz betetzen hasiko da gaur, Hodeiertz eta Loinatz abesbatzak elkartuko direlako, baita Madrilgo Ahots Grabeen Abesbatza ere. Bakoitzak bere errepertorioa eskainiko du, eta azkenik hirurek elkarrekin kantatuko dituzte obra batzuk, Javier Alberdik zuzenduta. Hitzordua 20.00etan da, San Frantzisko elizan.

Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatu du kontzertua Tolosako Ekinbide Etxearekin (TEE) batera, ohi duten bezala, azaroaren lehenaren inguruan egiten dute, Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren atarian belarriak goxatzen hasteko. Ana Arreche TEEko arduradunak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, 43. edizio hau krisiari lotuta dator, aurreko biak bezala. Aurten, gainera, 23. Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia prestatzea egokitu zaio Tolosari. Bertan, Varna, Tours, Debrezen, Arezzo, Maribor eta Tolosako txapelketetako irabazleek parte hartzen dute.

«Aurreko edizioetan bereiztu egin izan ditugu bi lehiaketak, sari nagusiari daukan garrantzia eta protagonismoa emateko, baina aurten, kostuak jaisteko, garai berean egingo ditugu». Sari Nagusia azaroaren 5ean izango da.

Sarrerak salgai

Iazko sarrera eta abonuen prezioei eutsi diete eta dagoeneko bukatu dira abonu guztiak. Sarrerak, aldiz, salgai daude Servikutxan eta gaur, bihar eta lehiaketako egunetan Leidorreko leihatilan ere bai. Hainbat herrialdetako 19 abesbatza lehiatuko dira: Euskal Herria, Alemania, Txekiar Errepublika, Txina, Estatu espainiarra, AEB, Filipinak, Finlandia, Letonia, Britainia Handia eta Ukraina.

Sei saiok osatuko dute lehiaketa fasea, urriaren 29tik 31ra, eta azaroaren 1ean itxiera eta sari banaketa egingo dituzte. Umeen sei taldeak modalitate bakarrean arituko dira; bost ahotseko taldeak, musika sakroan eta profanoan; eta zortzi koru mistoak, polifonian eta folklore saioetan. Koru mistoen artean izango da Errenteriako Landarbaso Abesbatza. Sari Nagusian ere izango da euskaldunik, Tolosako Kup Taldea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo