GARA > Idatzia > Kultura

HAUR LITERATURA

Hitzak eta giltzak

p047_f01.jpg

Asun AGIRIANO

Kameleoiarena da koloretsuena, bitxiena zelanbait, eta haurrei, akaso, animalia ezagun hau egingo zaie erakargarrien. Azal-hegalak ditu altxatzeko, eta biratzen diren gurpiltxoak. Ondorioz, ezusteko franko jasoko ditu umeak. Oro har, irudimen handiz egindako liburu sorta da, edizio zainduan, umeek ez apurtzeko moduko azal gogorrarekin.

Hirurek dituzte kolore argiak oinarri, eta hiru ale hauetan hitzak, zenbakiak, formak eta koloreak modu ludikoan ikastea da helburu nagusia. Baina, horretarako, igarkizunak asmatu beharko dira. Beraz, guztiak dira liburu dibertigarriak, hiruretan dago jolas atseginen bat. Irudigile japoniarra ezezaguna zaigu Espainiako merkatuan, beste libururik ez dugu ikusi oraindik. Soilik dakigu diseinu ikasketak egin zituela aitak zuen zapata lantegian ideia berriekin laguntzeko, eta gero egin duela jauzi ilustrazioaren alorrera. «Ortzi kameleoia»-ren istorioan kameleoiak, Lili lagunaren bila ari dela, haur-literaturan arrunt diren animalia maltzurrekin egingo du topo: otsoa, sugea, krokodiloa eta abar. Baina kameleoiak egundoko dohaina du, arriskua sumatu ahala erraz kamuflatzen baita.

«5 sagar txiki» kontakizunean elefantea, dortoka, sugea, untxia eta, amaieran, har bihurria eta sagarra batuko duen tximeleta agertuko zaizkigu, tolestuta dauden orriak zabalduz gero. «Formekin jolasten» liburuan haurrak asmatu beharko du molde ezberdinekin zer garraiobide osatzen den: autoa, trena edo hegazkina, adibidez. Egitura galderen bidez osatzen da. Izan ere, adin txikiko umeek berezko dituzte jakin-mina eta berau asetzeko galderak.

Ilustrazioak sinpleak izanik -kolorearen garrantzia azpimarratuz- testuarekin harreman dinamikoa osatzen dute, aberastu egiten dute, eta beste esangura batzuetara zabaldu. Hiru liburu hauek hobeto heldu baten konpainian ikusten badira. Osterantzean, haurrak gehiago joko du azal-hegalak mugitzera beste mundu batzuk deskubritzera baino.

Funtsean, jolasa eta kalitatezko estetika uztartzen dituen liburu bilduma dugu, haurrari gertuen duen ezagutza jasotzeko giltza emango diona, eta, horrekin batera, jakingura ase eta sorpresa ugari eskainiko diona.

Horrelako liburuek irakurketara bultzatzeaz gain, irakasteko bidean jartzen dute haurra, arrazoi nahikoa biblioteketan ez ezik, ikastetxeetan ere izateko.

Ez da erraza ilustratzailearen eta pedagogoaren dohainak maisuki bateratzea. Yusuke Yonezuk asmatzen du.

Horregatik ekartzen ditugu liburu txiki eta xume hauek gaurko erakusleihora, udazkeneko liburu berrien uholdean agerian egon daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo