Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria
Exotiko izateaz (eta III)
An Anthology of Basque Short Stories» bildumaren iruzkingileak aitortzen du aipatu lanean Mark Kurlanskyk «A Basque History of the World» lanean deskribaturiko mundua topatzea espero zuela, baina larre berde, etxe zuri eta teila gorriak aurkitu beharrean, gizon ausart eta esaneko emakumeen ordez, paisaia posmodernoak eta pertsonaia neurotiko samarrak aurkitu zituen.
Arazoa zera da, irakurle/iruzkingile honek euskal munduaz duen irudia aintzat hartuz gero, euskal literaturak emandako lan gehienak mediokretzat jo beharko genituzkeela. Zeren irakurle/iruzkingile honentzat, euskal mundua iraganeko mundua, -Txomin Agirrek bere nobeletan hain ondo deskribaturiko mundua, bide batez esanda- baino ezin daiteke izan. Eta irudi horretan datza, hain zuzen, euskal munduaren ukitu exotikoa. Jakina, Agirreren nobeletako euskal mundua arras sinplista da eta estereotipoz beterik dago, baina hori irakurle/iruzkingileari ez zaio axola. Are gehiago, irakurle/iruzkingileak ezin du Agirreren lanen sinpletasuna (eta, ondorioz, euskal munduaren konplexutasuna) onartu, onarpen horrek euskal munduaz duen irudiaren okerraz jabearazi ez ezik, bere kulturaz dituen usteak (bere kultura da eredua, «normala», oraina; harekin bat ez datorrena exotikoa da, hots, iraganekoa, arraroa) deuseztatuko lituzkeelako. Galdera, beraz, ondokoa da: zinez nahi dugu exotikoak izan? Zinez nahi dugu, amazon.com-eko irakurle/iruzkingilearen modukoen aurreikuspenak betetze aldera geure gizartearen konplexutasunari bizkarra eman eta, Agirreren erara, larre berde, etxe zuri eta teila gorriak, gizon ausart eta esaneko emakumeak, ekoiztu?