Galtzagorri elkarteak Bularretik Mintzora egitasmoaren bigarren ikasturtea abiatuko du Donostian
Galtzagorri elkarteak, 0-6 urte bitarteko haurren artean irakurtzeko ohitura sustatzeko, Bularretik Mintzora egitasmoa jarri zuen martxan iaz. Orain datorren urterako kanpaina aurkeztu berri du elkarteak.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Haurrak jaioberriak direnetik irakurketa ohitura sustatzea ez da lan erraza. Horretarako, noski, gurasoen eta hezitzaileen laguntza behar da eta hori da iaz Galtzagorri elkarteak Donostian abiatutako Bularretik Mintzora egitasmoaren helburua.
Aurtengoa ekimenaren bigarren deialdia izango da eta, joan den ikasturtean bezala, kanpainak Donostia Kulturaren babesa izango du eta liburutegi zerbitzuaren eskutik behar diren baliabide ekonomiko eta bestelakoak bermatuta izango ditu. Haur Liburutegi Nagusia (Fermin Calbeton, 25) izango da egitasmoaren egoitza nagusia, baina Amarako Ernest Lluch kultur etxeko liburutegiak ere parte hartuko du programan. Halaber, garrantzi handia izango dute parte hartuko duten inguruko ikastetxeek: Orixe, Amara Berri, Zuloaga Haur Eskola, Mariaren Lagundia, Santa Maria eta Belen). Irakasleek formazioa eta proposamenak jasoko dituzte gainera, eta ikastetxe horietako umeek Haur Liburutegi Nagusira eta Ernest Lluch liburutegira joko dute.
Guraso, irakasle eta ikasle
Kanpainaren hiru fasetan Galtzagorrik ekintza ezberdinak bideratu eta material ugari jarriko du irakasle, bibliotekari, haur eta gurasoen eskura.
Ekintzen artean «Irakurketa kluba» topa daiteke. Jarduera hau lehenengo aldiz proposatu dute Haur Liburutegi Nagusian. Bertan, gurasoek eta haurrek elkarrekin denbora tarte bat emango dute (hilean behin, larunbatez eta goizeko hamaiketan) irakurketa sustatzeko jardueratan. Bestetik, etxera edota eskolara eramateko liburuak proposatuko dizkiete haurrei, baita Galtzagorrik kaleratutako liburu-diskoak ere.
Guraso eta hezitzaileentzako prestakuntza ikastaroak ere eskainiko dituzte. Irakasleen kasuan, Itziar Zubizarretak 0-6 urte arteko haurren irakasleen jarraipena egingo du; eta gurasoenean, berriz, 2012ko martxoaren 30ean 18.00etatik 19.30era, Juan Carlos Alonso psikologoak hitzaldia eskainiko du.