GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Frankfurt: euskal literatura ezagutarazteko bidaia

Asteazkenean abiatu zen Frankfurteko Azoka, munduko liburu azokarik handiena. Erakusketa hori ez da publiko guztiari begirakoa, berezituari zuzendua baizik, batez ere editore, egile eta kazetariei. Hala ere, asteburuon irakurleek guztientzat zabalik aurkituko dute, nobedadeak erosteko beste azoketan baino aukera txikiagoa izango badute ere. Esan bezala, beraz, kontratuak sinatzeko eta harremanak sortzeko gune egokia da. Hantxe dira, berriro ere, Euskal Editoreen Elkarteko ordezkariak. Baina Frankfurteko Azoka euskal literatura eta kultura profesionalen artean ez ezik, oro har jendaurrean ezagutarazteko ere leiho aproposa da. Izan ere, Euskal Herriko ordezkarien zereginen artean, nabarmentzekoak dira Frankfurtetik mugitu gabe egin dituzten bi «bidaia», euskal literaturan barrena egindako bidaiak, hain zuzen. Lehenak, ostegunean, Jon Arretxe eta Fernando Morillo idazleak izan zituen gidari «Literatur abentura euskal hizkuntzaren munduetan» izenburu erakargarriaren pean. Bigarrenean, berriz, Morillo eta Arretxerekin batera, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren eskutik egungo euskal literaturan barrena abiatu ziren Weltempfang aretora hurbildu zirenak. Bi bidaia beharrezko, euskal literatura eta kultura ezagutaraziz, munduan dagokien lekua izan dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo