Josu Esparzaren aurkako bigarren euroagindua Pauen aztertuko dute asteartean
Aitzineko euroaginduaren gaineko behin betiko erabakia ezagutzen ez duelarik, ANren bigarren eskaera tarteko, herenegun atxilotutako Josu Esparza aske geratu zen atzo. Asteartean aztertuko dute eskaera Pauen.
A.M. | BAIONA
Datorren astearte goizean aztertuko du Paueko Instrukzio Gorteak Josu Esparzaren aurkako bigarren euroagindu eskaera. Bitartean, iruindarra aske uzteko agindu zuen epaitegiak.
Esparza asteazkenean atzeman zuen Polizia frantsesak Baionan eta atxilo eraman zuen Paueko auzitegira. Bertan jakinarazi zioten atzo Auzitegi Nazional espainolak bere kontrako bigarren euroagindu eskaera egin duela. Oraingoan «terrorismoa goratzea» leporatu dio auzitegiak, 2009ko Korrikan, auzipetutako beste hamalau pertsonarekin batera, euskal presoen argazkiak erakusteagatik.
Oraingoa ez da Polizia frantsesak atxilotu duen lehen aldia. Izan ere, lehen euroagindu eskaera tarteko, trantze berean izan zen Txantreako bizilaguna joan den irailaren 6an.
Orduan, Donibane Lohizunen atzeman zuten, eta Nafarroa Garaiko Ekin-en ardurak izatea eta presoen eskubideen aldeko mugimenduko kide izateagatik «terrorismoarekin kolaboratu» izana egotzita, joan den irailaren 27an Michel Treilles epaile frantsesak Madrilera entregatzeko eskaera onartu zuen.
Alta, Esparzak «militante politikoa» zela eta «preso politikoek jasaten dituzten giza-eskubideen urraketak eta torturaren praktika salatzeko engaiamenduagatik» entregatu nahi zutela nabarmendu zuen. Horrenbestez, Kasazio auzitegira jotzeko erabakia hartu zuen eta, egun, behin betiko deliberoaren zain dago.
Aitzineko eskaerarekin gertatu bezala, oraingoan ere epaitegiak ez du espetxeratzeko agindurik eman.
Prozedurok salatzeko eta gazte iruindarrari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Donibane Lohizunen.
Zuriarrain, aske fidantzapean
Bestalde, auzitegi berak euroaginduaren prozedura baliatuta, joan den martxoaren 10ean Espainiaratu zuten Eider Zuriarrain bizkaitarra aske geratuko da fidantzapean.
Entregatua izan aurretik Urruñan bizi zen deustuarrari 20.000 euroko bermea ezarri dio Auzitegi Nazionalak.