Bi gazte hil ziren ostegun iluntzean Baionan, auto istripuan
GARA |
Kazeta.info-k atzo jakitera eman zuenez, bi gazte hil ziren ostegun iluntzean Baionan izandako auto istripu larri batean. Ezbeharra 19.00ak aldera jazo zen Paulmy etorbidean, St Leoneko biribilguneranzko norabidean zihoan autoa eta erdibidean dagoen lur eremuaren kontra talka egin zuen.
Autoan 20 eta 21 urteko bi gazte zihoazen eta, kolpearen ondorioz, autoa bi zuhaitzen artean trabaturik gelditu zen. Hildakoak Seignautzekoak dira, Landetakoak. Antza denez, azkarregi zihoan autoak bidea zeharkatzen ari zen oinezko bat ez harrapatzeko berdegunerantz jo zuen. Oinezkoa erietxera eraman zuten; buruan eta zango batean zauritu zen, baina bere egoera ez zen larria.
Polizia Judizialak istripuaren gaineko ikerketa abiatu du. Lehen hipotesiaren arabera, autoa azkarregi zihoan eta gidariak kontrola galtzeak eragin zuen istripua.