Josebe EGIA
Hain pobreak ez gara
Gaur Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Hala ezarri zuen NBEk munduari arazo honen aurreko kontzientziazioa pizteko. Beste hainbeste egunek bezalaxe, zer balio ote duen galdetzera garamatza, kontzientziazioa piztera baino kontzientzia lasaitzera bideratuta ez ote dagoen hausnartzera.
Izan ere, muturreko pobrezia pairatzen ez dugunon herrialdeetako buruzagiek aldarrikatu zuten egun hau, Milurteko Helburuen barruan. Xede goren horiek guztiak pertsonon bizi-kalitatea, eskubideak eta duintasuna bermatzera daude zuzenduta. Baina asmo onez beteriko paperetik errealitate gordinera jauzi egitean, azkar ohartzen gara benetako helburuak zein diren, esanak esan egitateek dutelako esanahia, eta eraginkortasuna, jakina. Etengabe ikusten ari gara, krisi luze honetan zehar, espekulazioak eta diru-goseak mugiarazten dituzten finantza erakunde aberatsak salbatzera jotzen ari dela boterea, munduan milioika lagun dolar bat baino gutxiagorekin bizi den bitartean. Milioika lagunen ogibide eta bizimodu diren bestelako sektoreei heldu, sustatu eta indartu beharrean.
Munduan, garapen bidean dauden herrialdeetan, eta garatuta daudela esan daitekeen askotan ere bai, horietako landa eremuetan, nekazaritza da bizi-iturri nagusia, bakarra, sarri. Beharrezkoak ditugu, ezinbestekoak nekazariak, haien lana, haien fruituak. Eta hala ere, ez dira batere zaintzen, ez sektorea bera -beti krisian-, ez horren atzean dauden pertsonak.
Milioika pertsona horietako asko emakumeak dira. Eurak dira oinarrizko elikagaien ekoizle nagusiak, horretan jarduten dute, belaunaldiz belaunaldi, eskarmentua eta aintzat hartu beharko liratekeen ezagutzak bereganatu dituzte, asko dute transmititzeko, erakusteko. Hala ere, ez zaie baliorik ematen, baztertuen artean baztertuenak izaten jarraitzen dute. Zailagoa dute baliabideak eskuratzea, lurren jabetza lortzea, burujabe izatea. Pobrezian iraunaraztera behartuta bizi dira, gizonen lan bera edo handiagoa eginda ere. Aukera guztiak mugatzen baitzaizkie, oinarri-oinarrizko hezkuntzatik hasi eta euren lana eta bizitza hobetzeko baliabideetaraino. Analfabetismoan, pobrezian eta esklabismoan utzita.
Hemen ere, gurean, asmo eta hitz onez beteriko lurraldean, badago zer esan pobreziari dagokionez. Euro batekin baino gutxiagorekin bizi denik ez badago ere, pobreziak badituelako bestelako aurpegiak. Ez hain agerikoak, agian, baina bai izateari uzteko muga anitz eta aukera eskas berberekin. Eta hemen ere, emakume irudia dauka, finean, berdintasunak ere asmo ona izaten jarraitzen duelako.
Beraz, urriaren 17 honetan, badago zer salatu. Badago zergatik mobilizatu eta, batik bat, agintariak seinalatu. Erantzukizunak eskatu egin behar ditugu, goi bulegoetatik zer egiten den argitzeko exijitu, konformismoa ez dugula jendarte honen bereizgarri egingo erakutsi. Jendartearen suminik eta iritzi barik, janari eta diru ezaz harago hedatuko baita pobrezia, jarrera-pobrezia hilgarrira iritsita. Balio beza gaurko egunak hain pobreak ez garela demostratzeko, behintzat!