GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

himalaia | Jarduera

Alberto Urtasun, Namai Kayrak mendian bakarka eskalatzen

Alpinista nafarrak Indiako bost milakoaren iparraldeko horman «Yule Agu» izeneko aldaera zabaldu du. 700 metroko eskalada egin zuen eta zailtasun tekniko gogorrena 80º-ko izotzezko aldatsean izan zuen.

p051_f01_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Lasai asko esan dezakegu Alberto Urtasun Indiako Himalaiako mendiek «harrapatuta» dagoela. Bezero zein lagun batzuekin lehen trekkinga egin zuenetik, ezin izan du mendi horien «aztikeriatik» askatu. Ia urtero bisita egiten die, eta, aurtengoa, alpinista nafarrak GARAri baieztatu dionez, berezia izan da oso.

Bai, zalantzarik gabe, Urtasunentzat xarma puntu bat izan du; izan ere, bere erronka nagusia, mendi bat eskalatzearena, bakarka egin nahi zuen. Eta, azkenean, asmo hori egia bihurtu du. Gustua hartu dio bakarka eskalatzeari, eta, jakina, ezagutzen dutenak ez ditu ezustekoan harrapatu. Pirinioetako mendietan, adibidez, behin baino gehiagotan bakarka eskalatzen ikusi dugu. Bere azken bidaian, ordea, Indiako Himalaiara egin duen horretan, beste urrats bat eman nahi izan du: «Pirinioetan ez ezik, mendi zein pareta garaiagoetan bakarrik jardutea gustatzen zait. Batzuek galdetzen didate ea ez dudan sokakiderik lortzen, eta nik erantzuten diet ez dudala arazorik kideren batekin eskalatzeko. Kontua da bakarka eskalatzen dudanean barne bidaia egiten dudala, eta hori gustuko dut. Esan behar dizut, kanpaleku nagusian zein hurrengo kanpalekuan lagunartean izan nintzela. Eskalada, berriz, bakarrik egin nuen».

«Yule Agu» aldaera

Nafarrak aipatu digunez, bere lehen asmoa Zongol alderdian (Zanskar eskualdea) dagoen pareta batean bide bat zabaltzea zen, baina, hara hurbildu zenean, ikusi zuen horma oso bustia zegoela, eta, beraz, asmo hori bertan behera utzi zuen.

Inguru hartan zegoela, Urtasunek Namai Kayrak mendiaren (5.700 m) iparraldeko horma ikusi eta hori eskalatzea erabaki zuen: «Paretaren eskuinean badago bide bat; hain zuzen ere, 2008. urtean zabaldutakoa. 11 luze ditu, eta nik haren ezkerretan aldaera bat ireki dut. Hori bai, irteera berbera da. 700 metroko desnibela du (1.000 metroko ibilbidea), eta zailtasun tekniko handiena izotz aldats batean aurkitu nuen; nahiko tente zegoen (80º). Orokorrean, igotako aldapak 60º eta 70º-koak ziren».

Zabaldutako tarte berriari, Urtasunek «Yule Agu» jarri dio; hots, ladakhi hizkuntzan «Eskerrik asko, amona»: «Nire amonarekin gogoratu nahi izan dut, alzheimerrak jota baitago».

Jarduera hori egin ahal izateko, nafarra oso arin joan zen. Ez zuen sokarik eraman; soilik pioletak, ura eta janari pixka bat. Hori bai, alpinistak aitortu digunez, oso eguraldi ona izan zuen: «Nire ibilbidean izan dudan egunik ederrenetarikoa izan zen. Mendiaren baldintzak ia perfektuak ziren eta eguraldia oso ona. Oso bizipen politak izan nituen. Hori bai, izotz tartea eskalatzerakoan beldur pixka bat izan nuen. Ezin nuen atzera egin, eta, jakin banekien, goitik atera beharra nuela. Bakarka eskalatzea esperientzia aberatsa izan da; uste dut estilo horretan gero eta gutxiago eskalatzen dela. Ni, bederen, bete egiten nau».

india

Alberto Urtasunek Namai Kayrak mendiaren (5.700 m) iparraldeko aurpegian 700 metroko aldaera bat zabaldu du bakarka: «Yule Agu» (80º).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo