kirola | Bodyboard
Alex Urangak Munduko Txapelketa bat irabazi du
Zumaiarrak txapela eskuratu du lehen mailako Munduko Txapelketa batean.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfean bezala, bodyboard modalitatean ere bada goi mailako zirkuitu itxi bat. 24 lehiakidek osatzen dute zirkuitua, eta lehen mailan beraiek bakarrik har dezakete parte, baina badira zirkuitu horretako zenbait proba irekiak direnak eta proba horietan beste lehiakideek ere parte har dezakete.
Proba horietako bat zen urriko lehen astean Reunion uhartean egin zena. Alex Uranga zumaiarrak ez zuen parte hartzeko aukera galdu eta hurrengo urtean goi mailan egoteko aukera eman dion garaipena lortu zuen.
Surfean ASP zirkuitu gisa ezaguna dena, Bodyboard modalitatean IBA izenez ezagutzen da, alegia, International Bodyboard Association.
Goi mailan bi zirkuitu bereiz daitezke: batetik, Top 24 Grand Slam (maila gorena) legoke, eta, bestetik, GQS rankinga, munduko goi mailako lehiakide guztiak biltzen dituena. Alexek, Grand Slam kategoriako txapelketa irabazi du Reunion uhartean, baina ez hori bakarrik, GQS zirkuituan lehen postuan dago; beraz, hurrengo urtean, Top 24 Grand Slam zirkuituan izango da.
Nissan Reunion Bodyboard Pro txapelketa oso ospetsua da. Batetik, mundu osoko bodyboardzale onenak biltzen dituelako, eta, bestetik, bertako olatuak oso onak direlako.
Les Archers-eko olatua ezker olatu luze eta indartsua da. Ur gutxikoa da eta hondoan arrezifea du, alegia, tuboak sortzeko baldintza ezin hobeak. Txapelketan zehar olatua ez zen bere onenean egon. Finalean gainera, zeharkako haizea izan zen, baina bi metroko olatu tubodunak agertzen ziren tarteka, eta horiei ezin hobeto atera zien etekina Alexek.
22 urteko zumaiarrak izaera prestua erakutsi du gure kostaldean arrakasta handirik ez duen kirol bat aukeratzean, baina are eta meritu handiagoa du, inguruak laguntzen ez duen kostalde batean bizi den arren (bodyboard egiteko ez oso egokia), lortu dituen emaitzak lortzeagatik.
Denbora gutxian sekulako ibilbidea egin du Alexek. Irail hasieran Galizian Surfussion 2011 GQS-ko proba irabazi zuen. Reunion uhartera joan zenean Trialsetatik abiatu zen. Hau da, lehenik Trialseko txanda guztiak gainditu behar izan zituen goi mailako lehiakideekin buruz buru aritu ahal izateko, eta lehen inoiz gertatu ez zena gertatu zen, Trialsetatik zetorren lehiakideak txapelketa nagusia irabaztea alegia.
Klabikulako lesio baten ondorioz, sorbaldako minarekin nahikoa ez, eta bigarren egunean hondoko arrezifea jo zuen Alexek. Ondorioz, aurpegia haragi bizian zuela jarraitu behar izan zuen lehian. Itzelezkoa da zumaiar honek egin duena. Manny Vargas bodyboardzale kaliforniarrak, Alexen garaipenaren ostean, honela esan zuen: «This guy is on fire!».