GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Uretako motoak, gidariak eta ohitura gogaikarriak

Kalkulu matematiko bat eginda, ezinezkoa da halako gauza txiki batek hain denbora gutxian gehiago kutsatu eta zarata gehiago ateratzea. Ezta nazka gehiago ematea ere. Uretako moto gidari guztiak berdinak dira; auto bera (4x4), irribarre bera, neska lagun tipo bera eta beraiek protagonista ez diren ikuskizunak izorratzeko ohitura aspergarria dute


Eskuin eskumuturra biratu eta sekulako abiadan aldendu da. Berriz ere bueltan dator, gugandik metro gutxira bira eman eta ur zurrusta handi batekin zerua estali du, ur zipriztinak baino ez dira ikusten itzelezko burrunba baten erdian. Eta atzean, bigarren plano batean daude berez protagonista behar luketenak, buruz buruko lehian, ahal dituztenak eta bi egiten. Azkenaldian ohiko bilakatu da uretako motoarekin dabilena ikuskizun nagusi bilakatzea. Kalkulu matematiko bat eginda, ezinezkoa da halako gauza txikiak hain denbora gutxian gehiago kutsatu eta zarata gehiago ateratzea. Ezta nazka gehiago ematea ere.

Itsaski handiak zirenean lehiakideei barruratzen laguntzeko aitzakiarekin hasi ziren txapelketetan uretako motoak erabiltzen; egun, ordea, ez dute aitzakiarik behar. Hossegorren, gauza bitxia ikusi ahal izan genuen. 16 urtez azpiko gaztetxoen finalean, indar gutxiago duten eta laguntza handiagoa behar luketen lehiakideek ez zuten motoen laguntzarik izan. Munduko kirolari onenetakoak diren WCTko lehiakideek ordea, motoen babesa izan zuten une oro.

Hiru dira mundu mailako txapelketetan erabaki nagusiak hartzen dituzten estamentuak, surflariak, epaileak eta antolatzaileak. Bakoitzak ordezkari bat dauka. Horiek erabakitzen dute motoen laguntza izatea ala ez. Antolatzaileak beti aldeko botoa ematen du; izan ere, motoen laguntzarekin lehiakideek olatu gehiago hartzen dituzte eta ikuskizuna dinamikoagoa izaten da. Lehiakideek ere alde bozkatzen dute gehienetan, egun kontu hauetan kritiko agertzen den lehiakiderik ia ez baitago. Eta epaileek, sorbaldak jaso baino ez dute egiten.

Belarriok dio auto bat ikusi eta haren jabea nolakoa den jakin daitekeela. Topik auto handia eta ikusgarria izatea inpotentzia sexualarekin lotzen du. Osutxok autorik gabe ezer ez dela dio. Andonik berriz, ez duela gida baimena ateratzeko inongo asmorik, autobusean ederki asko moldatzen dela. Lasaitxok auto distiratsu batekin amets egiten du. Eta Tenoriok nahikoa du bigarren eskuko Seat 127 batekin, musika entzuteko gailua egoera onean badu behintzat.

Motoaren erabileraren inguruko eztabaidak zentzua galdu du, egun dena ontzat ematen baita, eta orain moto gidariengan jar dezakegu arreta. Autoen jabeak bezala, haien izaera irudikatzen ote du uretako moto bakoitzak? Ez, hauek denak berdinak dira; denek dute auto bera (4x4), irribarre bera, eguzkitako betaurreko berberak, neska lagun tipo bera, eta denek dute antzeko beste osagai bat ere: beraiek protagonista ez diren ikuskizunak izorratzeko ohitura aspergarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo