GARA > Idatzia > Kultura

Info Zazpi proiektua, pauso txiki anitz emanez, badoa bere bizkarrezurra sendotzen

Informazioa eta analisia dira Info Zazpi proiektu herritarraren oinarria, eta hor egiten ari dira bereziki ahalegina, gero eta albiste zerbitzu txukunagoak eta analisi tarte zabalagoak eskaintzeko. Horregatik, goizeko tartea indartu dute, «Hitzen Lihoa» saio berriarekin eta «Kale Gorrian»-eko mahai-inguru politikoarekin.

p058_f01_177x108.jpg

Maider IANTZI

Orain dela bost urte gutxieneko batekin ekin zion bideari Info Zazpi irratiak, eta urratsak pixkanaka emanez, programazioan salto bat emateko aukera izan du, proiektua handitzen ari da eta badoa aurrera. Hala sentitzen du Eider Elduaien bertako langileak. «Hasieratik izan dugu oso garbi informazioa eta analisia direla gure bizkarrezurra. Eta informazioak eta gaurkotasunak goizean bere garrantzia dutenez, goizak indartzea erabaki dugu», azaldu du.

Irratia «Kale Gorrian» saioarekin ernatzen da, gaurkotasuneko gai politikoak jorratuz gehienbat. Berrikuntza nagusia sortu duten mahai-inguru politikoa da. Hego Euskal Herriko gaurkotasuna ardatz hartuta aritzen dira Mariano Ferrer, Fermin Munarriz, Martxelo Otamendi, Joseba Santamaria eta Jose Mari Perez Bustero; eta lehenagotik martxan den Ipar Euskal Herriko aktualitateari buruzko mahai-inguruak ere aitzinera segitzen du, Maite Ubiria, Aitor Renteria eta Allande Boutin kazetariekin.

«Kale Gorrian»-i saio berri batek ematen dio jarraipena, Doltza Barandiaranek gidatutako «Hitzen Lihoa»-k. Gaurkotasun sozialari eta kulturalari begiratzen diote tarte honetan gehiago, eta hemen ere ez dira falta mahai-inguruak. Hamabostean behin hainbat gazte talde elkartuko dira euren kezkez mintzatzeko, eta bertze hamabostean behin nagusiak izanen dira batuko direnak, Pentsionistak Martxan, Sasoian eta talde gehiagotako kideak. Genero berdintasuna ere lantzen dute eta bertsolaritzari tarte berezia egiten diote, hau baita Info Zazpi irratiaren bertze hanketako bat. Gipuzkoako bertsolari txapelketa jarraitzen ari dira, adibidez.

«Saio honek aukera ematen digu aktualitateko gai politiko zein sozialei jarraipen zuzena egiteko. Adibidez, gaurko Donostiako Nazioarteko Konferentziari jarraipen zuzena eta zehatza egingo diogu, gure alea jarri behar dugula iruditzen zaigulako. Euskal Herriak bere erreferenteak eta bere komunikabideak behar ditu, eta bizi ditugun momentu hauetan lan eder bat dugu egiteko, ematen ari diren urrats guztiei arduraz erantzuteko», adierazi du Elduaienek.

Kazetari eta teknikariz osatutako talde profesional bat arduratzen da irratiaz, baina hasieratik saiatu dira eragileei eta herritarrei parte hartzeko aukera ematen. Hagitz garrantzitsua da hori eurentzat. «Baserritik Mundua» lehenbiziko sektorean dabiltzan hainbat elkartek egindako proposamena da. Saio honetan, Patxi Gaztelumendik nekazaritza iraunkorraren eta elikadura burujabetzaren berri ematen du. «La Memoria» saioa, aldiz, Ahaztuak elkarteak egiten du memoria historikoaren inguruan. Dei egiten diete gainerako eragileei ere parte hartzeko, denei eman nahi dietelako aukera beren saioak eskaintzeko.

Jende ugari boluntario gisa ari da irratian. Hala sortu dira «Uhaina Bikaina», Aritz Larrañagak surfaren inguruan osatutako saioa; «Illargi Argitan», Mari Belauntzak, bera bezalako sorginak lagun, egiten duen tartea, musika eta bitxikeriak hizpide hartuta; edo «Sartudalapurra», Ion Olanok gidatutako kultur saioa. Azken hau ez da berria, baina bertze ordutegi bat du: astelehenetik ostiralera, 19.30etik 20.00etara. Agin Rezolaren «Jokoa Bai»-k ere ordutegi berria du: astelehenetan da, eguerdiko albistegiaren ondotik, 14.00etatik 15.00etara.

Gauean, 22.00etatik 00.00etara bitartean, musika saio bereziek hartzen dituzte uhinak. Andoni Tolosa Morau-k munduko musikak ekartzen ditu «Hegoaldeko ostatua» saiora; Inaxio Esnaolak heavy metal doinuak «Burdinola»-ra; Esther Martinezek soul eta funky doinuak «Life is just a moment» saiora... Esatari hauetako anitzek urteak daramatzate saioak egiten, Info Zazpi proiektuan sinesten dutelako, baita musikarekin gozatzen dutelako ere, eta Elduaienek esker oneko hitzak baizik ez ditu haientzat.

Badute bertze atal bat, «Talaiatik» izena duena, eta bertan 60 kolaboratzaile inguruk hartzen dute hitza, hagitz eremu ezberdinetako lagunek, 3-5 minutuko tartean bakoitzak bere iritzia emateko. Izan daiteke literaturaz, ekonomiaz, musikaz, politikaz, edozein gairi buruz.

Irratia hazten ari dela aipatu dugu, nahiz eta ez diren garai errazak komunikabideentzat. Gainera, Info Zazpiren proiektua herritarra da, bere oinarria dituen bi mila bat bazkideak dira, eta guztiei eskertzen diete langileek emandako babesa, eurak direlako egitasmoa posible egiten dutenak. Bizkarrezurra zainduz eta jantziz, gehiago hazi nahi dute, orain arte bezala, pixkanaka, «bete daitezkeen helburuak jarriz eta lortuz».

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo