GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Pirinioak

«El peso de la conciencia», Ezkaurreko marra berria

Mikel Zabalzak lau saio behar izan ditu Ezkaurreko hego zirkuko lehen bidea zabaldu ahal izateko. Horietako saialdi batean, gainera, eroriko larria izan zuen. 8 luze ditu, eta kateatu gabe geratu zen 7b+ graduko luze bat izan daiteke zailtasun tekniko gogorrena.

p050_f01_97x148.jpg

Andoni ARABAOLAZA

«Harrigarria» bada ere, Mikel Zabalzak lau saio behar izan ditu bide berri bat zabaldu ahal izateko. Batez ere, non zabaldu duen kontuan hartuta. Lau saio, «El peso de la conciencia» marra berria irekitzeko. Gainera, eta hau ere «harrigarria» da, ukitu gabeko pareta zein alderdi batean. Ez da eremu sekretibo bat; ezta gutxiago ere. Baina, aipatu dugun bezala, ukitugabea zen. Ezkaurreko hego zirkuari buruz ari gara; Ansoko haranean.

Nafarrari asko gustatzen zaio esploratzea, leku eta pareta berriak aurkitzea, eta, eskalatzaileak berak aitortu duenez, denbora zeraman alderdi horretan bide berri bat irekitzeko asmoarekin. «Murru hori ederra da oso, eta harritu nau biderik ez edukitzeak. Horrek erabat motibatu ninduen, baina ez dut zorte handirik izan; izan ere, marra berri hau zabaltzeko lau saio behar izan ditut», adierazi du Zabalzak.

8 luze

Iazko irailean bere anaia Jose nolabait ere konbentzitu zuen. Hurbilketa bidea ez da batere samurra, baina, behin murruaren azpialdean izanda, ikuspegia erabat aldatzen da. Hirugarren luzean zirela, Zabalza microfriend batetik zintzilik zegoen. Anaiak materiala pasa zion, eta iltze bat sartzekotan zela, microfriendak salto egin eta erorikoa izan zuen. «Arnasrik gabe geratu nintzen, eta suspertzea kosta egin zitzaidan. Egoera larrian jaitsi nintzen», azaldu du eskalatzaileak.

Sustoa igaro ondoren, joan den udaberrian, Pitu izeneko kide batekin itzuli zen. Behin paretan zirela, euria hasi eta eskalada bertan behera utzi zuten. Gerora, Iker Madoz eta Unai Mendiarekin bueltatu zen. Abuztua zen. Bosgarren luzean euria hasi zuen berriro, eta jaistea erabaki zuten. Laugarren eta azken saioa Manu Cordovarekin egin du; hain zuzen ere, joan den irailean.

Eskalatzaile iruindarrak dioenez, proposamen ederra geratu zaio: «Uste dut bide ona dela. Bidearen bigarren zatia lehenengoa baino askoz ere dotoreagoa geratu da. Iltze guztiak bidean zehar geratu dira, eta txapa batzuk ere baditu. Beraz, nahiko ekipatuta dago. Bosgarren, seigarren eta zazpigarren luzeak oso onak dira. Zailtasunei dagokienez, 7a/A0 bat dago, eta librean 7b+ izan daiteke».

Ezkaurreko hego zirkuak badu, beraz, bere lehen bidea: «El peso de la conciencia».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo