Itsasoa
Aldaketen atarian: Belaunaldi berriak nagusi Hossegorren
1990ean Slater eta Currenek egin zuten txanda historikoak aldaketak iragarri zituen. Orain, Kelly da garaitua, eta berriz ere aldaketak datozela iragar daiteke.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Gabriel Medina brasildarrak eskuratu zuen Hossegorreko txapela. Irailean hasi zuen zirkuitua errotazio sistema berriari esker, eta WCT-ko bere bigarren txapelketan lehen postua lortu du.
Rankingean lehen postuetan dauden surflariak izan zituen aurkari Medinak, baina, hala eta guztiz ere, aurrera egin zuen. Final-laurdenetan Kelly Slater birrindu zuen, eta finalean orain bi urte eskas arte ikusi ere egiten ez ziren ariketak egin zituen, bide batez, ikusi nahi duen orori, surf mundura garai berriak datozela iragarriz.
Irailaren 12an amaitu zen Quiksilver PRO France 2011, Hossegorren urtero egiten den munduko surf txapelketa. Olatuei dagokienez, denetarik ikusi ahal izan zen, tubodun olatu handiak lehen egunetan eta metro eta erdiko olatuak amaiera aldera. Ondorioz, ariketak ere denetarikoak ikusi ahal izan ziren, itzelezko tuboetatik hasi eta mota guztietako airekoetaraino.
Hamaika probak osatzen dute WCT zirkuitua eta Hossegorrekoa zortzigarrena izan zen. Orain, urriaren 14a eta 15a bitartean, Portugalen ari dira lehian WCT zirkuituko 34 lehiakideak.
Hossegorren 16 urte arteko kategoriako txapelketa garrantzitsua ere egin ohi da, King of the Groms deritzona. Aurtengoan, txapela Yan Daberkow brasildarrak eraman zuen eta bigarren postua, berriz, Mitch Parkinson australiarrak eskuratu zuen (Joel Parkinson surflari ezagunaren lehengusua).
Gabriel Medina, proba nagusiko irabazlea ere brasildarra da; beraz, Hossegorren brasildarrak izan ziren nagusi. Medina, orain bi urte eskas, King of the Groms txapelketan ari zen lehiatzen Landetako olatuetan; aurten, berriz, munduko lehen 34 lehiakideekin aritu da norgehiagokan, eta irabazi egin du. Hortaz, bi urteren buruan egin duen ibilbidea itzelezkoa da.
Txapelketa honetan bi belaunaldiren arteko talka izan da. Paradigma aldaketa gertatzen ari da surf munduan, eta hori ezin hobeto irudikatu du azken txapelketak. Surf egiteko modu berri baten aurrean gaude.
Final-laurdenetaraino zirkuituko beteranoak izan ziren nagusi, baina hortik aurrera gazteak gailendu ziren. Taj Burrow eta Kelly Slaterren aurpegierak oso esanguratsuak ziren, ahal bezain ondo eginda ere, ez baitzuten txanda pasatzea lortu.
Paradigma aldaketa berandu samar iritsi dela esan lezake askok, eta ez zaie arrazoirik falta. Hain zuzen ere, horregatik da hain bortitza bi belaunaldiren artean gertatzen ari den talka, aurreko belaunaldiek goi mailako postuetan denbora larregi egin dutelako. Eta orain, epai-irizpide berriak egungo surf egiteko modura egokitu dituztenean, belaunaldien arteko errelebua ekidinezina bilakatu da.
Antzeko zerbait gertatu zen 1990ean, paradigma aldaketa bat iragarri zuen txanda historikoa izan zen Lacanaun (Estatu frantsesa). Orduko hartan, 18 urte zituela, Slater gazteak ariketa berritzaileak egin zituen, Currenen ariketa klasikoen aurrean. Gaur edonork onartzen du txanda hura Slaterrek irabazi behar zuela, baina garai hartan epaileak (eta ikusleak) oraindik ez zeuden surf egiteko modu berri hura puntuatzeko prestatuta, eta Curren-i eman zioten garaipena.
«New School» izena eman zioten belaunaldi berriari, hots, Slaterrekin batera zetozen surflari amerikar gazteen taldeari. Surf egiteko modu berri bat zekarren talde hura, besteak beste, Rob Machado, Shane Dorian eta Hossegorren finalerdietan izan den Taylor Knox-ek osatzen zuten.
Orain gertatzen ari den belaunaldi aldaketa hau asko luzatu da, ordea. Gehiegi, agian, baina bada arrazoi bat. Azken urteetan ASP-k dituen epai-irizpideek ez dituzte aintzat hartu txapelketatik kanpo gertatzen ari ziren aldaketak. Ariketa berriek ez zuten puntuazio alturik ematen; beraz, beteranoek goi mailako postuetan iraun ahal izan dute. Iaz, ostera, epai-irizpideak egokitu eta ariketa berritzaileak puntuatzen hasiko zirela iragarri zutenetik, belaunaldi aldaketa ekidinezina zela ikusten zen, eta orain, aldaketa hori gauzatzen ari da.
Askok diote, epai-irizpide aldaketa ez zela lehenago gertatu, aldaketa horrekin brasildarrak nagusituko ote ziren beldurragatik.
Mota anitzeko airekoak izan ziren ariketa nagusiak finalean. Lehen olatua hartzeko buruz buruko borroka itzela agerian geratu zen, Wilsonek hartu behar zuen eskuin olatu bat ekiditearren Medinak irtenbiderik gabeko ezker olatu bat hartu zuenean.
Teknikoki Wilson hobeto aritu zen, baina taktikoki Medinak oso ongi kudeatu zituen lehentasun arauak, eta, horri esker, aurkaria mendean hartu ahal izan zuen.
Bi lehiakideek ez zioten arnasa hartzeko betarik eman elkarri eta olatu bakoitzak bere erantzuna izan zuen. Batak ariketa bat egiten zuen eta aurkaria ariketa bera hobetzen saiatzen zen.
Wilsonek egin zuen olaturik politena, airean taulari eskuekin bira eman zion, oso gutxitan ikusten den ariketa da, aereo revers varial deritzona.
Azken minutuak falta zirela, Wilson zen lehen postuan, baina Medinak azken olatua hartu eta altuera handiko aireko revers bat egin zuen, eta abiada pixka bat hartzeko aukera izan zuenean, azken ariketa bortitza egiteko prestatu zen. Ordura arte, bi lehiakideek ariketa bortitz bakarra eginda lortu zituzten puntuak, beraz, bi ariketa bortitz egiten zituenak irabaziko zuela nahiko agerikoa zen. Medinak, azken olatuan, lortu zuen; abiada hartu eta aireko batekin borobildu zuen 9,17 puntu bildu zituen olatua. Txapela eskuratu zuen eta aldi berean, garai berriak datozela iragarri zuen.