Xabier ALZELAI I Probetako ingeniaria
Aseezina
Vettelen irabazteko goseak ez du amairik. Bere palmareseko hogeigarren garaipena lortu du, 25.a RedBullentzat (lehena 2009an lortu zuten); Webberren hirugarren postuari esker taldekako titulua eskuratu dute aurten ere. Alemaniarra, pasa den astean, txapelketa klase apur batekin irabazteko gogoz gelditu zen; baina gaurkoan modu dotorean garaitu du, azken itzulian lasterketako itzuli azkarrena egitea lortuz.
Lasterketa aurtengo denboraldian gertatu denaren erretratu bat izan da. Vettel egon ez balitz, lasterketa Button, Alonso, Hamilton eta Webberren arteko borroka estu bat izango litzateke. Edozein kasutan garaipen hau ez da hain erosoa izan. Izan ere, RedBullen pneumatikoen estrategiak ez du espero bezala funtzionatu. Larunbateko Q1 eta Q2an RedBull izan zen pneumatiko superbigunak erabili zituen talde bakarra, normalean egiten ez duten arren. Beraien helburua pneumatiko bigunen hiru joko berri lasterketarako gordetzea zen, pole-a lortu ez arren, lasterketan azkarragoak izateko, hiru geldialdiko lasterketa izango zela pentsatuz. Badirudi lehen geldialdia goiz egitea zela asmoa, erabilitako superbigunak goiz aldatzeko. Hala izan balitz RedBullek abantaila izango zuen lasterketara begira. Bitartean, McLarenenak azkarragoak ziren larunbatean. Gainera, RedBullen aurreikuspena ez da bete (2010eko datuetatik ez dute informaziorik lehorreko lasterketa baterako degradazioa aurreikusteko) eta joera nagusia bi geldialdi egitea izan da. Erabilitako pneumatiko superbigunek espero baino gehiago iraun dute, eta Vettelek plana aldatu behar izan du, lehen geldialdia atzeratuz.
Alonso pieza berriak probatzen aritu da asteburu osoan, 2012ra begira. Pistan probatzearen abantaila informazio fidagarria lortzea da; baina lasterketan probatzeak badu desabantail bat, batzuetan sistema aerodinamiko berriek ez dute espero bezala funtzionatzen. Larunbateko Alonsoren errendimendua probatutako pieza berriek baldintzatu zuten, 100% ziurrenik. Lasterketan, Schumik aurreratu du lehen geldialdian. Baina alemaniarraren lasterketa gorakorra Petrovek hondatu, berriro. Hirugarren aldia da bi pilotu hauek elkar ukitu dutena aurten.
Ondorioz Safety-Carra atera da. Une honetan Vettel eta McLarenek pneumatiko superbigunak zeramatzaten (bigarren jokoa). Alonsok eta Webberrek, bigunak. RedBullen hasierako plana ez da bete, baina gaurkoa talde honen malgutasunaren erakusgarri on bat izan da. A-planak funtzionatu ez arren, irabaztea lortu dute. Noski, auto azkar batek beti laguntzen du, eta gaurkoan Hamiltonek lasterketa osoan sufritu duen azpibiraketak ere bai. Baina burua hotz edukitzea eta inprobisazioa beharrezkoak dira horrelako uneetan. Eta RedBullek aurten behin baino gehiagotan aldatu behar izan ditu planak lasterketan zehar.
Alonso gogor borrokatu da lehen geldialdiaren ondoren, eta bigarren geldialdian Massa aurreratzea lortu du. Zergatik ez da Webber gauza bera lortzen saiatu Buttonen aurka? Lehia politak ikusi ditugu lasterketaren amaiera aldera: Hamilton vs Webber, Alonso vs Button, Alguersuari vs Rosberg. Normalean halakorik gertatzen ez bada ere, Alonsok 54. itzulian gehiago ezin duela esan du. Agian trikimailu bat izan da Button aurreratzeko? Ala beharbada Ferrarirentzat mezu bat zen: zer gertatuko litzateke Massaren atzean hainbeste egon izan ez balitz?
Aipatzekoa Alguersuariren errendimendua. Kataluniarra lan bikaina egiten ari da aurten, estrategia imajinatiboekin emaitzak lortzen, pilotu gisa hazten ari dela eta auto azkarrago bat merezi duela erakusten. Azken unera arte saiatu da Rosberg aurreratzen. Merezitako zazpigarren postua lortu du, teorian azkarragoa den auto baten aurretik amaituz.
Vettelen irabazteko gosea amaigabea da. Pasa den astean bertan 2011ko txapelketa lortu arren, bere aurkariak berriro txipitu ditu, denboraldiko hamargarren garaipena lortuz, Schumiren beste marka bat berdinduz. Beraiek dira denboraldi berean bederatzi garaipen baino gehiago lortu duten bakarrak. Eta gainera, Schumiren 2004ko hamahiru garaipenak berdindu ditzake gelditzen diren hiru probak irabaziz gero. Lortuko ote du?