Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Kolonialismoa bizirik
Frantses buruzagiak basakeriaren munduan adituak dira, bake bideetan gutxi argitzen dute. Herri txikiengandik asko dute ikasteko
Aljeriako gerla bukatzen ari zela, 1961eko urriaren 17an, Aljeriako askapen mugimenduak (FLN) manifestaldirako deia zabaldu zuen Parisen, baketsua izan nahi zuen manifestaldia, aljeriarrek Parisen jasaten zuten salbuespen egoeraren salatzeko. Aljeriarrek ezin zuten karriketan ibili arratsaldeko zortzi eta erdietatik goizeko bost eta erdiak arte, aljeriarren esku zeuden kafetegiak arratsaldeko zazpietan hetsi behar zituzten, elkartzeko trabak zituzten. Alegia, bigarren mailako herritarrak ziren. Lan egitera ekarri zituzten soilik. Manifestaldi horretan hogeita hamar mila jendek parte hartu zuen. Sekulakoa izan zen. Orduan Maurice Papon zen Pariseko Poliziako prefeta. Papon ezaguna zen alemanekin gerla denboran izan zuen harremanarengatik.
Manifestaldia ez zen Gobernuaren gustukoa. Berehala zabaldu zuten polizia batzuk hil zituztelako zurrumurrua. Ondotik heldu ziren gertakariak ikaragarriak izan ziren. Zurrumurru horrek izan al zuen gertakarien ardura? Baliteke; haatik, zaila da ulertzea Pariseko karriketan egun horretan iragan ziren basakeriak. 11.730 atxilotze egin zituzten, berrehun pertsona baino gehiago tiroz edo Sena ibaian itota hil ziren.
Berrogeita hamar urteren buruan ez dugu ulertzen nola frantses Poliziak, de Gaullen Gobernuaren babesarekin, defentsarik gabeko jendea jipoitu, xehatu eta garbitu zuen ondoriorik jasan gabe. Urtero galdera bera egiten da, noiz arte frantses Gobernuak babestuko ditu bere Poliziak egindako basakeriak? Ez ditu gertakari horiek oraindik ezagutu!
Azken aste hauetan errugbizaleak Zeelanda Berriaren aldera begira daude. Ba al dakite frantses erakustokietan Zeelanda Berritik ekarritako maori buruzagien buruak erakusten zituztela? Izan ere, maori buruzagiek, tribuen arabera, tatuajeak zituzten buruan. Hara joandako zuriek guduetan garaitutako buruzagi horien buruak mozten zituzten eta Europara ekartzen zituzten. Hemen oso ederrak atzematen omen zituzten buru horiek, adituak ziren horretan eta XIX. mendetik apaletan erakusten zituzten. Hain ederrak zirenez tatuaje horiek adituentzat, esklaboak tatuatzen zituzten eta ondotik burua mozten zieten Europako merkatuan kokatzeko. Oso tratu humanoa giza eskubideen herrian, noski. Hori dena horrela iragan da 2010 arte. Aspalditik buru horiek eskatzen zituzten maoriek, beren herrian lurperatzeko, edozein pertsonari zor zaion eskubidea. Baina oso itzultze zaila zuten buru horiek, lege bat behar izan dute etxera itzultzeko eskubidearen lortzeko.
Beste bi buruzagiren buruak gordetzen dituzte oraindik Pariseko erakustokietan. Frantziako kolonialismoaren garaipenen froga gisa atxikitzen dituztenak, hasteko, Kanaky herriko Atai buruzagirena. Atai XIX. mendean hil zuten. Kanakek haren itzultzea eskatu zutelarik, Parisek erantzun zuen burua galdu zutela. Geroztik, aitortu dute non zegoen, baina ez dute itzuli. Ondoren, Madagaskarreko Toera buruzagiaren burua ekarri zuten. Buruzagien itzulera goaitatzen dute herri horietan. Kolonialismoa garaikidea da frantses buruzagientzat. Herrien arimak haien meneko atxiki nahi dituztela erakusten digute, haiek manatzen dutela eta zuzena zer den haiek definitzen dutela.
Frantses buruzagiak basakeriaren munduan adituak dira, bake bideetan gutxi argitzen dute. Herri txikiengandik asko dute ikasteko.