futbola | Frantziako Kopa
Avironek luzapena behar izan zuen aurrera egiteko
Angeluko taldeak lan handia egin zuen atzean, baina aurrera begira ezer gutxi erakutsi zuen.
GENETS 0
AVIRON 1
Jon LEUNDA
Avironek lortu zuen atzo Frantziako Kopako seigarren kanporaketa jokatzeko txartela, Angelun Genets kanpoan utzita. Ipar Euskal Herriko bi talde nagusien arteko partidak, ordea, luzapena behar izan zuen, arauzko denboran inork ez baitzuen golik sartu. Gero Lamothek, Genetsen aritutako batek, erabaki zuen neurketa.
Lehen zatia bizi-bizia izan zen. Baionakoek hartu zuten baloiaren jabetza eta horretan aritu ziren, bi maila gorago daudela erakutsi nahian. Hala ere, paseak egiterako garaian, bi taldeek huts asko egin zituzten.
Zuri-urdinek izan zuten aukerarik garbiena, 33. minutuan. Sanzek baloia area barruan harrapatu zuen, eta bere jaurtiketa, Gruel atezainak ukitu ostean, zutoinera joan zen. Aurretik, Diafutuak ere izan zuen aukera on bat, baina bere jaurtiketak kanporako bidea hartu zuen.
Ximunek, berriz, geldiketa bakarra egin behar izan zuen lehen 45 minutuetan. Sautiek bakarkako jokaldi bikaina egin zuen, eta bere jaurtiketa geratzerako garaian, Kanboko atezainak agerian utzi zuen berak duen maila handia.
Bigarrenean, Aviron nagusi izan zen, baina aukera gutxi sortu zuen. Azkenean, luzapenean iritsi zen gola. Lamothek, Fameryk ezkerretik egindako erdiraketa baliatu zuen Angeluko kanporaketa erabakitzeko. Gero Ximunek ere geldialdi bikain bat egin behar izan zuen, Louiten jaurtiketa geratzeko.
Biarritzek 2-1 irabazi zion Saint Medardi, eta beraiek ere seigarren kanporaketan izango dira. Hori bai, zuri-urdinek luzapena behar izan zuten garaipena erdietsi ahal izateko.