gizon-proba
Oriok bereganatu du Zizurkilen Gipuzkoako Txapelketa
J.L.
Oriok irabazi zuen atzo Zizurkilen Gipuzkoako Txapelketa. Taldekako lehiaketa hau bigarren urtez jokatu zen atzo, eta sekulako ikusmina sortu zuen, 2.000 ikusletik gora batu baitziren.
Talde bakoitza zortzi lagunez osatuta egon zen, eta 950 kiloko harriak erabili zituzten. Bi harri zeuden plazan, eta batekin ordu laurdena aritu ziren, eta aldatu ostean beste hamabost minutu izan zituzten bestearekin.
Orio izan zen lanean aritzen azkena, eta beraiek eraman zuten txapela. Ordu erdia harriari tiraka aritu ostean, 87 plaza egin zituzten, eta aurreko guztien marka apurtuta, beraientzat izan zen garaipena. Bigarren postuan, Aiztondo sailkatu zen. Honek, 85 plaza eta 2 zinta egin zituen.
Podiuma Urretxuk osatu zuen, 83 plaza eta 4 zinta eginda. Hortik kanpo, laugarren postuan amaitu zuen Zizurkilek. Etxeko taldeak lan ona egin zuen, eta 76 plaza eta 4 zinta egin zituen. Azkeneko postuan Zumarraga geratu zen, eta honek 83 plaza eta 5 zinta egin zituen. Dena dela, amaieran zaleek talde guztiak txalo artean agurtu zituzten. Kirol hau zaleen oso gustuko bihurtu da, eta hori nabaritzen da.