Bob Dylanen omenezko kontzertu bat izango da Zarauzko Lizardi antzokian
GARA | ZARAUTZ
Bob Dylan omentzeko kontzertu bat izango da urriaren 28an Zarauzko (Gipuzkoa) Lizardi antzokian, gaueko 22.00etatik aurrera, Gaztemaniak! egitarauaren barruan. Alde batetik, John O'Connellek gidatzen duen taldeak «Simply Dylan» ikuskizuna eskainiko du, eta bestetik, Louise Michel taldeak joko du. Sarrerak 7 euroko prezioa dauka, atzo Zarauzko Udaleko eta Gipuzkoako Aldundiko iturriek jakinarazi zutenez.
«Simply Dylan» ikuskizunean, John O'Connell Liverpooleko The Cavern areto mitikoko musikariak zuzendutako seikoteak, bere indarra erakusten du, besteak beste, Dylanen «Desire», «Blood on the tracks», «Street Legal», «Blonde on Blonde» eta «Infidels» diskoetan oinarritutako errepertorioarekin. Hala ere, ez da omenezko talde huts bat, klasikoen zein kultuzko abestien birmoldaketa egiten baitute, Irlandako folk, rock and roll huts eta erro tradizionalen kutsuarekin.
Azken 27 urteetan O'Connellen izena ez da mugitu Liverpooleko musika panoramaren ohorezko liburutik. Egungo bandarekin batera, buru-belarri aritzen da Dylan omentzen kontzertu paregabe eta esklusiboetan. Jotzen dituen abestien artean daude «Like a Rolling Stone», «Just Like a Woman», «Sara», «Señor», «Jokerman», «Shelter from the Storm», «Simple Twist of Fate» eta «Gotta serve Somebody».
Bestalde, Louise Michel taldeari dagokionez, 2008an sortu zen Zarautzen. 2010eko hasieran, taldeak izena aldatu zuen eta Louise Michel hartu ondoren, bost abestiko lehenengo maketa grabatu zuten Fidelenea estudioetan. Urte amaieran bira txikia egin zuten Alemanian, Txekian eta Eslovakian zehar eta gaur egun lehenengo diskoa prestatzen ari dira.